Diskoan "bizipen sendoak" pilatu ditu taldearen "inspiratzaile, sortzaile eta gidari" den Aitor Aldanondok, Barandiaranen arabera: "Harria-ren inspiratzaile, sortzaile eta gidari den Aitor Aldanondo bergararrak bizipen sendoak pilatu ditu musikan zein bestelakoetan. Brigada Criminal taldea desegin zutenetik punk-rocka alboratuta dauka, eta ez da kasualitatea, ez, gerora, besteak beste, Fiachras zein Bizardunak-en gisako taldeetan aritu izana; hain zuzen ere, poseetatik harago rockaren (eta zergatik ez, folkaren) sustraietara jo izana".
Eta hala gaineratu du Barandiaranek: "Orain, bestelako bizitza prozesutan murgilduta, barrurago begiratu du eta gertukoek –Maitane, Ekaitz eta Guille- lagunduta, honako proiektua sortu du; are gehiago, Ekaitzek Erantzun bat eta Ainubean kantuak idatzi ditu. Ariketa sakona da diskoa garbiketan, hitzetan eta musikan; eta, gainera, kantuak borobiltzeko kolaborazio zehatzak batu ditu".
Honako kide hauek osatzen dute Harria: Belceblues eta What A Band (WAB) taldeko kide izandako Guille Sanz (bateria), Bidelapurrak-eko Ekaitz Aranberri (gitarra eta ahotsa); Brigada Criminal, Fiachras, Bizardunak eta WABeko kide izandako Aitor Aldanondo (ahotsa); eta Maitane Azkarate (ahotsa).
Bergaran, Amua arropa dendan eta Aldoka Maldoka (Popis) eta Arrano tabernetan dago salgai. "Asmoa da otsailetik aurrera zuzenean aurkeztea", diote. Argibide gehiago, taldearen instagram kontuan.