Eguaztenean aurkeztu zuen Keia taldeak hamar abestiz osatutako diskoa. Erregaia izena jarri diote eta Zarauzko Ane Arruti gidariak, "esperientzia handiko" musikari oñatiarrak dauzka alboan. Besteak beste, Latzen, Potemkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao edo Amonal taldeetan aritutako hauek: Egoitz Olalde, Iñigo Ibarrondo eta Iker Martinez de Zuazo.
“Keia edo kea bada nonbaiten sua dagoenaren seinale. Askotan gure barruan ditugun su edo suteak identifikatzea edo izendatzea kosta egiten zaigu baina kea beti azaleratzen da. Gure barruko su ezberdinen keia dira kantuak eta, Erregaia-rekin, su txiki horiei egur gehiago botatzera gatoz”, azaldu du Arrutik.
Kantuen ezaugarriak
Oinarri erritmiko "indartsua" duten kantuak jaso dituzte diskoan, gitarren "presentzia handiarekin" batera. Rocka lantzen dute zentzu zabalean; kantuetan nabarmenak dira 90eko hamarkadako rock alternatiboaren ukituak. Hamar kantuetatik zortzi, Arrutik idatzitakoak dira. Gainerako biak, Jon Garmendia Txuriya-k.
Entzungai dago plataforma digitaletan eta disko fisikoa Keia.bandcamp.com-en lor daiteke.
Lehen zuzenekoa, zapatuan
Oñatiko gaztetxean emango dute estreinako kontzertua zapatuan, hilak 12, 22:00etan. Arrutik adierazi du "gogotsu" daudela kontzerturako: "Gogotsu gaude larunbaterako. Keiarekin lehenengo kontzertua izango da, aurretik genuena bertan behera gelditu zelako. Oñatiko gaztetxean behin izan nuen jotzeko aukera eta, kuriosoa da, bertan egin zen lehenengo kontzertua izan zelako Mor More eta Arrutiko Intxaurrak. Larunbatean Gingerrekin bueltatuko naiz, Mor Moreko kide batzuen proiektu berria, hain justu. Esan beharra dago kontzertuak antolatzea sekulako lana dela eta oraingo egoeran are gehiago. Horregatik eskertzekoa da hainbeste urtetan Antixenako gaztetxeak egindako lana". Gainera, negurako bira ere prest dute; Zarautzen, Orion eta Getarian ere izango dira Keia taldekoak zuzenekoetan.
Bihar, kontzertuak gaztetxean
Zapatuan bakarrik ez, bihar, egubakoitza, ere izango dira bi emanaldi Antixenan. Rocka eskainiko duen Pleura eta Uharte Arakilgo Mendikoa taldeak igoko dira agertoki gainera, 22:00etan. Soldata dutenek bost euro ordaindu beharko dute sarrera eta ez dutenek, hiru.