Duela bi urteko uda hasieran aurkeztu zuten ofizialki Antxintxikaren triatloi egokituko saila. Proiektua, baina, pandemia iritsi aurretik sortu zuten Joseba Azkaratek eta Aitor Rementeriak. Biek dute gogoan hasierako helburua xumeagoa zela. "Josebarendako bizikleta egokitua erostea zen asmoa. Garestiak izan ohi dira halako ibilgailuak, eta, finantzatzeko, txartelak saltzea pentsatu genuen", dio Rementeriak.
2018ko Oñatiko Herri Egunean jarri ziren kaleko diru-bilketa egiten, eta, jendearen erantzuna ikusita, oraindik eta gehiago amestu zezaketela ohartu ziren, Azkaratek azaldu duenez: "Norbanakoek ez ezik, inguruko enpresek ere erakutsi zuten egitasmoarekiko interesa. Hortaz, erronka handiagoak jarri genituen mahai gainean; integraziora eta normaltasunera begira, betiere. Guztiok aukera berberak izateko lan egiten gabiltza, nahiz eta baliabide eta pertsona gehiagoren laguntza behar izan".
Egiteko horretan zerikusi handia du Aitor Rementeriak, Bergarako triatleta beteranoak. 2000. urtean Antxintxika triatloi taldearen sorreran egon zen, eta buru-belarri aritu da triatloi egokituko saila antolatzen. Haren eginahala ez da oharkabean pasa, iazko abenduan Aldundiak ematen duen Gipuzkoarren Kirola sariketako hautagaien artean egon baitzen. Modu horretan, "azken hiru urteotan triatloi egokitua zabaldu, ezagutarazi eta sustatzeko egiten ari den lan bikaina" goraipatu nahi izan zuten Diputazioko ordezkariek.
Baina Rementeriak Antxintxikako kirolariengan jartzen du fokua; bereziki, Azkaraterengan: "Bere muskulaturaren %13k bakarrik funtzionatzen diola kontuan hartuta, gai izan da duatloi bat egiteko". Ondorio bezala, "gogoa, indarra eta gauzak oso argi" daudenean "helburu asko" lortu daitezkeela aipatu du, emaitzetatik harago, kirolaren balioetan oinarrituta.
Hazten ari den familia
2020an egindako aurkezpen hartan, hiru kidek osatzen zuten Antxintxikaren triatloi egokituko saila: Joseba Azkarate –klikatu izenaren gainean elkarrizketa irakurtzeko– oñatiarrak eta bi arabarrek, Igarki Pascualek eta Ruben Visok. Aurten, martxoaren hasieran, triatloi egokituko sailean egindako aurrerapausoak azaltzeko ekitaldian, taldera beste lau kirolari batu direla eman zuten aditzera; tartean, bi debagoiendar: Unai Alberdi bergararra eta Fernando Errasti elgetarra.
Aitor Rementeria (Antxintxikaren triatloi egokituko arduraduna): "Gogoa, indarra eta gauzak argi izanda, mugarik ez dago"
Zazpi dira, beraz, gaur egun protagonistak, baina euren alboan fisioterapeutak, mekanikariak eta orotariko laguntza ematen dieten pertsonak dauzkate. Guztien artean eramaten dituzte aurrera proiektuaren bi adarrak: osasuna eta integrazioa. Azkarateren esanetan, lehenengo adarrak kirola praktikatzeak dakartzan erronka fisiko eta psikologikoak barnebiltzen ditu, eta bigarrenak gizartearen onarpen maila areagotzea du helburu: "Gure lasterketa bat lehenengoz ikusten duenak zirkuituaren lehen bueltan harriduraz erreakzionatzen du, bigarrenean partaideen gaitasunari jartzen dio arreta eta hirugarrenean txalo egiten du. Jendearen jokabidean eboluzioa nabarmena da, ez duelako aurretik halakorik ikusi".
Lasterketen loraldia
Izan ere, lasterketak dira triatloi egokituaren ikusgarritasuna handitzeko hitzordurik esanguratsuenak, eta Antxintxikakoek ondo baliatzen dute hori. Ohiko zirkuituak ikuskatzera joaten dira, antolatzaileei ibilbidea moldatzeko gomendioak emateko. Esaterako, bide lauagoak eta bihurgune gutxiagokoak aukeratzeko eskaerak egiten dituzte. Alberdik iazko Zumaiako triatloian jasotako babesa jarri du adibide modura: "Ruben Visok parte hartu zuen proban, eta guk gertutik jarraitu genuen bere lana. Antolatzaileek prestutasun handia erakutsi zuten une oro, adi-adi jarraitu zuten triatloi egokituko proba, eta bukaeran esan ziguten aurten ere berriro egingo zutela lasterketa".
Interes hori gero eta handiagoa dela erakusten duen beste froga bat da triatloi zein duatloi egokituko lasterketak zenbat hedatu diren kontuan hartzea. Iaz, Oñati, Elorrio, Orozko, Sopela eta Avilesko lasterketetan parte hartzeko aukera izan zuten, eta aurten bide beretik jarraitu nahi dute; apirilaren 30erako antolatu duten Azkoitiko duatloia daukate ate joka, urrunago joan gabe. "Horrek guztiorrek esanahi argia dauka: proba egokituak antolatzeko eta bertan lehiatzeko nahia handia dela, hain justu", ondorioztatu du Azkaratek.
Bazkideak bidelagun
Txanponaren beste aldean dago lehiaketetan aritzeak dakarren gastua; materiala, adibidez. Gaur-gaurkoz, ezinezkoa zaie zazpi kirolariei proba berean parte hartzea, denontzako ibilgailuak ez dauzkatelako. Hortaz, partekatu egiten dituzte, baina gustatuko litzaieke egoera horri buelta eman eta nork bere aulki eta bizikletak izatea.
Oztopoak oztopo, dagoeneko atletismoko hiru aulki eta hiru handbike edo eskuzko bizikletaren jabe dira Antxintxikakoak. Gainera, tetraplegikoentzat diseinatutako lehen bizikleta merkaturatzea lortu dute: "Orain arte, paralitikoentzako, hau da, hanketan mugikortasun urria dutenentzako bizikletak egiten ziren, baina ez besoetan eta hanketan mugikortasun urria dutenentzako. Durangoko Carbon Master enpresarekin harremanetan jarri, eta soilik tetraplegikoentzat pentsatutako bizikleta egin ziguten". Ibilgailu horiek garestiak direnez – handbike batek 12.000 euro inguru balio dezake–, enpresen, instituzioen eta norbanakoen ekarpenei esker lortu dute gastu horiei aurre egitea; bazkideen laguntzari esker, alegia. Beraiei esker ona adierazteko asmoz, oroigarriak banatu zizkieten martxo hasieran egindako ekitaldian.
Aipamen berezia egin zieten, gainera, Bergarako eta Oñatiko udalei. Bergarakoak materiala lortzen eta errehabilitazio saioetarako laguntzak ematen babestu du proiektua; Oñatikoarekin, aldiz, eskolarteko hitzarmen bat sinatu dute, apirilaren 2an aulki gurpildunean dabiltzan edo ezintasunen bat daukaten 300 ume ingururekin integrazio eta normaltasunera begirako saio bat egiteko.
Igeriketan trebatzen
Esan bezala, orain arte, bereziki, duatloian espezializatu da Antxintxikaren triatloi egokituko saila, baina, taldearen izenak berak iradokitzen duen moduan, igeriketako modalitatean espezializatzeko bokazioa daukate. Ainhoa Calleja aretxabaletarrak, Antxintxikako emakumezko triatleta bakarra ere badenak, gidatzen ditu uretako entrenamenduak. "Ikasteko erronka aberasgarri" bezala definitzen ditu astean bitan egiten dituzten saioak: "Josebarekin aritzen naiz, bereziki, eta harrigarria da urtebetean zenbat hobetu duen: burua ur gainean zuzen mantentzen, birak egiten, ferulekin ganorazko paladak ematen... ikasi du. Aurrekoan, 900 metro egin zituen bere kabuz, gelditu gabe. Konfiantza handia dauka, kirolaren bidez hobekuntza pertsonala lortu du, eta hori, beretzat ona izateaz gain, inguruan laguntzeko gaudenontzat oso positiboa da".
Ainhoa Calleja (Antxintxikakidea): "Benetan aberasgarria da kirolari hauen bidelagun izatea"
Aurrerapauso horiek aintzat hartuta, irailean egingo den Zumaiako triatloian parte hartzeko gauza ikusten du Callejak Azkarate. Baina erronka gainontzeko Antxintxikakideak ere igeri egitera animatzean datza. Dio "desiratzen" dagoela egun hori iristeko, ahaztu gabe "lehendabizi norberak" ikusi behar duela "bere burua gai uretan sartzeko".
Ez dituzte ez helburu makalak esku artean, baina, orain arteko ibilbide laburrean zenbat lorpen egin dituzten ikusita, ziur ez direla urruti ibiliko. Hori bai, emaitzak hobetzearen presiorik gabe, osasuna jarriz beti erdigunean. Hori da proiektu handi horren filosofia. Segi dezatela errespetua eta ikusgarritasuna irabazten.