Pandemiaren egungo egoera, mugarriz mugarri

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 3a, 11:42

LABIren bilera bateko artxiboko irudi bat.

Eusko Jaurlaritzak urriaren 7an osasun larrialdi egoera baliogabetzeak neurri murriztaileen malgutzea ekarri zuen. Azken egunetako datuek, baina, bestelako egoera bat irudikatzen dute. Larrialdi egoera, LABI batzordearen itzulera, neurri berriak, Covid Ziurtagiri Digitala, txertaketa kanpaina... Hona egungo egoeraren laburpena.

Urriaren 7an Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak osasun larrialdi egoera baliogabetu zuenetik, prebentzio neurrietara mugatu dira COVID-19aren hedatzearen aurkako neurriak: jende pilaketak saihestea, barrualdeak aireztatzea, eskuak maiz garbitzea, musukoa erabiltzea... Abenduaren lehen egunetan, baina, bestelakoa da egoera.

Datuak gora

Atzo eguneratu ziren bilakaera epidemiologikoaren datuak, eta bailaran, bederen, nabarmena izan da azken egunetako kutsatzeen gorakada: pandemiako positibo kopuru handiena erregistratu zen eguaztenean, abenduaren lehenean, Debagoienean. Bailarako intzidentzia-tasa 944koa da, Gipuzkoako tasa orokorraren ia parekoa (966). Ospitaleratzeei dagokionez, EAEn 207 herritar zeuden atzo erietxeetan, eta horietako 55 Zainketa Intentsiboen Unitateetan.

Larrialdi egoera

Atzo arratsaldean sinatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak osasun larrialdi egoera aktibatzeko dekretua. Gaur goizean argitaratu da EAEko Aldizkari Ofizialean, eta ondorioz, jada indarrean da larrialdi egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bueltan da LABIa

Bide beretik, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibileko Plana martxan jarri zuen Eusko Jaurlaritzak; hots, bueltan da pandemiaren egoera aztertzen eta egoeraren araberako neurriak hartzen dituen LABI batzordea. Gaur arratsaldean bertan egingo dute lehen bilera, 16:30etik aurrera. Lehendakariaren batzorde hasierako hitzartzea zuzenean jarraitzeko aukera egongo da.

Neurri berriak

Eusko Jaurlaritzak ez du gaur arratsaldean neurri berriak ezarriko dituenik ziurtatu. Azaroaren 16an neurri murriztaileak bete ezin diren ekintzak aldi baterako bertan behera uztea eskatu zien Jaurlaritzak udalei, eta hainbat dira jada datozen egunetan egingo ez diren ekintzak; tartean, Arrasateko Santamasak. Auzitegi Gorenak Covid Ziurtagiri Digitala eskatzeko baimena eman ostean, ikusteke dago nola, noiz eta zein esparrutan aplikatuko duen Iñigo Urkulluren gobernuak eskumena.

Ziurtagiria deskargatzea

Bi bide daude Covid Ziurtagiri Digitala deskargatzeko: aurrez aurre edo online. Aurrez aurre egiteko, hitzordua eskatu behar da Jaurlaritzaren webgunearen bidez edota 945 01 90 00 telefonora deituta.

Sarearen bidez, aldiz, lau urratsetan eskuratu daiteke ziurtagiria. Identifikazio elektronikoa egin behar da lehenik, Osasun Txartelaren zenbakia eta jaiotze-data sartu ostean eta mugikorrean jasotako segurtasun kodea sartu gero. Behin hiru urratsak eginda, automatikoki sortzen da ziurtagiria, eta deskargatu ostean, inprimatzea edo gailu digitaletan eskuragarri izatea gomendatzen du Jaurlaritzak. Esteka honetan dago ikusgai prozedura osoa.

Txertaketa kanpaina

Osasun sailburu den Gotzone Sagardui argi mintzatu zen astearteko agerraldian: "Txertaketa, txertaketa eta txertaketa". Bada, atzo ezagutu ziren txertaketa kanpainaren datu berriak; 60 eta 69 urte arteko herritarren hirugarren edo errefortzu dosiari dagokionez, lau egunetan 1.163.533 herritarretatik 60.141ek jaso dute jada hirugarren ziztada, %5,17ak, alegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak