GOIENAk komunikabideei zuzendutako Googleren dirulaguntza eskuratu du

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko mai. 29a, 20:39

Goienako langileak koronabirusaren aurrean neurri bereziak hartuta.

15.000 dolarretako dirulaguntza jaso du Goiena Komunikazio Taldeak, Kazetaritza Larrialdia Arintzeko Googleren Funtsaren bidez (Journalism Emergency Relief Fund). COVID-19ak komunikabideetan izan duen eragin ekonomikoa arintzea bilatzen du laguntzak, eta mundu mailako hedabide ertain eta txikiei bideratutako funtsa da.

Apirilean egin zuen deialdia Googlek, kazetariei bideratutako Google News Initiative ekimenaren bidez. Enpresak azaldu duenez, tokiko albiste originalak indartzea da laguntzaren helburua, bereziki pandemiak medio txikietan izan duen eragina kontuan izanda.

Googleren deialdiak eskaera asko jaso ditu mundu mailan; 12.000 izan direla jakinarazi dute. Eskaerak aztertu ostean, dirulaguntza jasoko duten komunikabideei aste honetan jakinarazi zaie baiezkoa; GOIENAren kasuan 15.000 dolar egokitzea erabaki du Googlek.

GOIENAk egindako lana balioan

Pandemiak sektore guztiak kolpatu ditu, eta toki komunikabideena ez da salbuespena izan. Egun batetik bestera, eskaintzen diren zerbitzuak goitik behera aldatu behar izan ziren, baita lana egiteko modua ere. Telelanean hasi zen langileen gehiengoa eta babes neurriak hartu ziren kalean lana egin behar zenerako –gaur gaurkoz ere horrela jarraitzen dute–.

Testuinguru horretan, gertuko informazioak berebiziko garrantzia izan du, eta hala erakusten du, adibidez, goiena.eus-eko bisiten igoera adierazgarriak. Googlek garrantzia eman dion datuetako bat izan da hain justu webgunearen trafikoarena. Urtarril eta otsaileko datuak martxo eta apirilekoekin alderatuz, goiena.eus-eko bisitak %56 igo dira, eta iazkoekin alderatuta, %75.

Goiena Komunikazio Taldea osatzen duten euskarri guztietan egin da ahalegin berezia, eta hori izan da dirulaguntzara aurkeztu den argudiaketa. Tokiko komunitateari begira eduki propioa sortu izana jarri du balioan Googlek.

Goiena.eus-en koronabirusaren datuak modu garbian erakusteko grafiko landuak garatu dira eta orrialde bereziak sortu dira informaziora eta entretenimendura bideratuta. Gainera, lantaldea webgunera begira indartu egin da; produkzioa handitu da, ordutegia zabalduz eta azken orduko informazioari garrantzia emanez.

Goiena telebistak berrasmatu beharra izan du, ohiko saio batzuk alde batera utzi, eta berriak garatu dira denbora laburrean. Hori da adibidez, Etxetik Plazara edota Alde Banatan saioen sorrera bultzatu duena. Ba Hemen Debagoiena saioan ere, bideo-dei bidezko elkarrizketei ireki zaie atea, eta atzerrian bizi diren debagoiendarrek ere leku berezia izan dute. Gainera, Debagoieneko Ospitalean bizitakoa lehen pertsonan azalduz erreportaje bat ere egin da: Koronabirusa, ospitaletik.

Goiena Aldizkarian ere COVID-19ak eragin handia izan du, gertuko istorioak ekarri dira erreportaje landuen bidez, eta pandemiaren ertz guztiak jasotzeko esfortzua berezia egin da: herri bakoitzeko egoera, dolua, datuak, merkatarien errealitatea, adinekoen egoitzetako eta ospitaleko egoera gogorra, lehen lerroan lanean ibili direnak eta lana egiteko aukerarik izan ez dutenak, atzerrian bizi direnak, enpresak, jaiak...

Gainera, euskarri guztietan eman zaie garrantzia berezia bertako merkatariei, horren erakusle dira, Zabalik edota #DenokAurrera espazioak. 

Puntua aldizkariak ere jakin du egoerara egokitzen. Koronabirusak izan du bere espazioa, iritzi eta bestelako ataletan; baina komunikabide gehienetan koronabirusa protagonista bakarra izan dela ikusirik, Puntua aldizkariak gai bakar horretatik ihes egiteko aukera eman die Goiena Klubeko bazkideei. Eta ez bakarrik bazkideei, izan ere, konfinamendua arintzeko asmoarekin, Puntua aldizkari guztiak online doan irakurtzeko aukera eskaini du GOIENAk.

Gainera, bi aldizkarien banaketa ere egokitu egin da, zerbitzua eman bai, baina langileen segurtasuna bermatzeari lehentasuna emanez. Eta azkenik, Arrasate irratiak ere bere eguneroko saioari eutsi dio, entzule fidelei zerbitzua emanez. 

Kazetaritza Larrialdia Arintzeko Googleren  Funtsean egindako eskaeran guzti hauek jaso dira, eta lantalde osoak egoerara egokitzeko egindako esfortzua azpimarratu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak