Debagoienean izandako luiziek arazoak eta kalteak eragin dituzte

Maialen Santos 2019ko abe. 13a, 08:20

Atzotik gaur goiza arte botatako euri jasek hainbat lur-jausi eragin dituzte Debagoienean; Arrasaten, Oñatin eta Elgetan izan dira larrienak. Arrasaten, bost autobus kaltetu ditu; Elgetan, Eibarrera doan errepidea moztu du; eta Oñatin, Elorregirako errepidea moztuta izan da une batzuetan auto ilara handiak sortuz.

Arrasaten gauean jaso dute gertatutakoaren berri autobus gordelekuko arduradunek. Gerturatu direnean ikusi dute euri-jasaren eraginez autobusak aparkatuta zeuden atzeko pareta behera etorrita zegoela. Eta ondorioz, bertako autobusak harrapatuta geratu dira.

Autobus zerbitzurik ez da bertan behera geratu, normaltasunez dihardute martxan; baina gaurko egunean zehar atzerapenak egon daitezkeela ohartarazi dute. Zerbitzurik bertan behera geratu ez dadin langileen berrantolaketa egin dute gaur goizaldean egindako bileran.

Gaurko eguna errefortzuko autobusekin konpondu dute, baina datorren astera begira nahiko lukete zerbitzu guztiak eskaini ahal izatea errefortzuko autobusetatik tiratu barik. Horregatik, inguruko Udaletxetako autobusak erabili ahal izateko negoziaketatan ari dira. 

Kaltetutako autobusak, bestalde, ez dituzte konponduko. Eta horien ordez, berriak ekarriko dituztela azaldu dute.

Oñatiko errepidean ilara luzeak

Elorregitik Oñatira bidean Oxiñurdin enpresaren inguruan, lurra erori da errepidera, eta beraz, zirkulaziora itxita egon da zenbait orduz. Ez da bertan horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia, eta udanako errepidea ere itxita dagoela kontutan hartuta, ibilgailuentzako bidegorria irekitzeko aukera ere aztertzen aritu da Udala. Hala ere, azkenean, errepidea garbitu eta erabat ireki dute eguerdirako.

Elgeta eta Eibar arteko errepidea itxita

Elgetan hiru lur-jausi izan dira: Arantzeta auzoan, Aixolara bidean eta Elgetatik Eibarrera bidean. Arantzeta auzoan luizia gertatu zen atzo arratsaldean. Horrez gain, Aixolara bidean beste luizi bat izan da eta bidea itxita dago. Azkenik, GI-2639 errepidean, Elgeta eta Eibar artean izandako lur-jausiaren ondorioz, errepidea itxita dago. Azken horren harira, Elgetako udaletik honakoa jakinarazi dute: "Mendi zati handi bat erori da eta horren ondorioz, errepidea itxita dago. Gipuzkoako Foru Aldundiari egoera honen berri eman diogu".

Bergaratik Angiozarrerako bidea

Bestetik, Bergaran Angiozarrerako errepidea itxi du menditik behera etorri den lurrak, Beitzibar parean izandako luizi baten eraginez. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, "lur askotxo" erori da errepidera eta denbora beharko dute garbitu eta zirkulazioa zabaltzeko.

Antzuolatik Bergarara arteko errepidean ere izan da lur-jausi txiki bat, eta errepidearen errei bat itxita egon da goiz partean.

Euri gehien Elgetan

Aemetetik jakinarazi dutenez, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba elkartzen diren puntuan erregistratu da euri kopuru handiena. Elgetan, esaterako, azken orduetan metro koadroko 150 litro bota ditu. Aramaion, berriz, metro koadroko 78 litro.

Euskalmeten datuen arabera, ostera, Urkuluko urtegia maila laranjatik horira jaitsi da. Izan ere, gauerdian metro koadroko 90 litro neurtu dituzte urtegian. San Prudentzioko estazioa ere, maila laranjara iritsi bada ere, horira jaitsi da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak