Fagor Kooperatiba Elkarteak marka berreskuratu du etxetresnen sektorerako

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko abe. 21a, 11:02

Edesa Industrialekin hitzarmena lortu du Fagor Kooperatibak, orain arteko prozedura judizial luzearekin amaituz. CNA Group-ek Fagor marka ez erabiltzea onartu du eta jabetza behin-betiko Fagorren esku geratu da. Halaber, markaren lizentzia berriro ematea erabaki du kooperatibak, eta horren harira, Poloniako Amica enpresarekin aurreakordio batera iritsi direla baieztatu du.

Amica ezaguna da Fagorrentzat, izan ere, 2014ean Fagor Etxetresnak erosteko interesa agertu zuen, eta ostean, 2017an, CNA Group-i erostekotan ere izan zen.

Jakitera eman den aurreakordioaren arabera, Amicak Fagor marka erabiltzeko eskumena izango luke etxetresnen linea zurian. Bestalde, beste enpresa batzuekin ere hizketan dabilela jakinarazi du Fagor Kooperatiba Elkarteak, kasu horretan, gailu elektriko txikien, sukaldeko tresnen eta konfort eremuetan erabiltzeko Fagor marka.

Fagor marka

2017ko azaroan abiatu zuen Fagor Kooperatiba Elkarteak markaren kontrola berreskuratzeko prozesua. Fagorrek hitzetan, Edesa Industrialek ez zituen erabilera baldintzak bete, eta ondorioz, 2014an sinatutako kontratua –30 urterakoa zena– eteteko erabakia hartu zuen. Edesak, bere aldetik, guztia "normal" zihoala adierazi zuen une hartan. 2018ko apirilaren 10ean egin zen epaiketa, Donostian.

Orain jakitera eman den akordioari esker, prozedura judizialari amaiera eman zaio eta Fagor Kooperatiba Elkartearen esanetan "bientzat ona den akordio transakzional bat" lortu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak