Amica taldeak 26,8 milioi euro jarriko dituela adierazi du Edesa Industrialek "aktibitateari eusteko"

Mirari Altube Arrese 2017ko abe. 12a, 17:53
Edesa Industrialeko langileak Garagartzako lantegiaren kanpoaldean protesta elkarretaratze baten.

Gaur goizean aurkeztu du Edesa Industrialek hartzekodunen arteko hitzarmenerako aurre proposamena epaitegian. Likidazioa saihesteko eta industria jarduerarekin jarraitzeko duten asmoen barruan dagoela adierazi dute bidalitako oharrean. Edesa Industrialeko langileek "ez dakite ezer" proposamen honi buruz.

Poloniako Amica Group taldeak 26,8 milioi euroko inbertsioa egingo duela adierazi dute Edesa Industrialeko ordezkariek. Diru hori banatuko dute lerro zuriaren produkzio unitatearen eta Amicaren filialaren artean; filial hori izango da hain zuzen lerro zuriko produktuak Fagor markarekin komertzializatzeko: sukalderako osagaiak (labeak, sukalde independenteak, plakak, ke-erauzgailuak, mikrouhinak eta osagarriak), hozketa (hozkailuak eta izozkailuak), garbiketa (garbigailuak eta lehorgailuak) eta ontzi-garbigailuak.

Aurkeztutako planaren arabera 140 bat lanpostu mantendu ahal izango dituztela jakinarazi dute Edesatik, eta 200 baino gehiago izango direla hiru urte pasatu baino lehen gaineratu dute, "industria jarduera eta komertziala EAEn mantenduta".

Amicaren inbertsioa jasotzeko derrigorrean saldu beharko ditu Edesak "ezinbestekoak ez diren aktibo batzuk", eta Fagor markari ezinbestean eutsi beharko dio, egun Mondragon taldearekin negoziatzen dabiltzan kontua: "Gaur aurkeztutako proposamenaren bideragarritasuna aztertzen dabil". Edozelan ere, Amicak royaltien ordainketa eta Fagor marka berriro bultzatzeko egin beharreko publizitate inbertsioak ordaintzeko gertu agertu dela dio Edesak.

Konkurtsoko administrazioak epe bat zabalduko du orain gainerako babesak lortzeko behin betiko onartu ahal izateko, eta hala, Hartzekodunen Konkurtso Legea jaso.

Sukaldeko etxetresnak egiten dituen enpresa da Amica Group. Orain dela 70 urte sortu zuten Polonian, 50 herrialdetan dago banatuta, eta 2.500 langile ditu.

GOIENA harremanetan jarri da Edesa Industrialeko langileekin eta hauek adierazi dute "ez dakitela ezer" proposamen honi buruz. Bihar goizean dira batzartzekoak langileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak