Donostiako Merkataritza Epaitegiak uztailaren 16ra arteko epea eman die lau enpresei Fagorren aktiboak erosi ahal izateko eskaintzak hobetzeko. Epaileak, hasierako eskaintzaren perimetroa hobetzeko aukera eman die, gainera.
Fagor markaren erabilera negoziatzen
Bestetik, Fagor marka erabili ahal izateko negoziazioetan jarraitzen du Fagor Taldeak Cata, Cevital eta Ecomac enpresekin. Taldeak Goienari jakitera eman dionez, Kataluniako Cata enpresarekin dagoeneko aurre-akordioa dute sinatuta. Lehenengo eskaintzak egiteko epea zabaldu zenerako sinatu zuten kataluniarrekin aurre-akordioa, epaileak azkenean euren alde egingo balu markaren lizentzia zein baldintzetan egingo litzatekeen adostuz.
Cevital enpresarekin ere badihardu Fagor Taldeak markaren gaineko negozioazioetan, baina oraindik ez dira adostasunera iritsi. Fagorretik gaineratu dute, epaileak eskaintzak hobetzeko eskaera egin ostean izan dutela Txileko Ecomac taldearen berri. Azken horrek Edesa marka gura duela, baina Fagor markarengatik ere interesa agertu duela adierazi dute.
Ariston enpresari dagokionez, adierazi dute, enpresa italiarra ez dela oraindik eurekin harremanetan ipini.