Kontratua sinatzearekin batera, Edesa Industrialek konpromisoa hartu zuen urteko langile kopurua 350 baino txikiagoa ez izateko. Bestalde, 700 lanpostu sortuz gero, Fagor marka erabiltzeagatik ez ordaintzea ere hitzartu zuten bi aldeek. Hala ere, Fagor taldeak dio Edesak ez dituela bi baldintza horiek bete.
Horrez gain, Edesa Industrialek bere esku zeuden filial guztiek Fagor marka ezabatzeko konpromisoa hartu zuen, hau da, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera marka ez erabiltzeko eta interneteko domeinuak ere ezabatzeko. "Hori ere ez du bete Edesak", Fagor taldearen esanetan.
Fagor taldeak salatu du "CNA taldeak azken bi urteetan hainbat kooperatibak erabiltzen duten markari egindako kaltea", Fagor marka "zikindu" izana, alegia.
Fagorren jarreraren aurrean, Edesa Industrialek azaldu du hitzartutakoa betetzen ari dela eta guztia espero moduan doala, "normaltasunean".
Atzo Donostian egindako bistaren ostean, epailearen sententziaren zain geratuko dira bi taldeak. "Egun gutxi barru" iritsiko da epailearen erabaki hori.