17:30ean izan zen hitzordua eta Edesa Industrial eta Geyser Gastech-eko enpresa batzordeek deituta, 80 bat langile batu ziren, euripean. Aldarrikapenik ez zuten ozenki egin, baina langileek euren kezkak elkarbanatu zituzten euren artean.
Arrasateko Herriko plazan bildutako langileek eskerrak eman zizkieten beste behin alboan izan zituzten politikariei. Izan ere, Arrasateko udaletxean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak batu ziren langileei babesa eskaintzeko. Besteak beste Maria Ubarretxena alkatea, Eneko Barberena EH Bilduko bozeramailea, Oscar Garcia PSEko ordezkaria, Igor Urizar Baleikeko kidea eta Juan Luis Merino Irabaziko kidea egon ziren bertan.
Ordainduren manifestazioa
Bestalde, atzo egin zuten urteko lehen manifestazioa Ordainduko kideek, Biteri plazatik abiatuta. Euria zela eta aterpean elkartu ziren aurrena kide guztiak, eta ondoren bira labur bat egin zuten herritik zehar, Mondragoni euren dirua itzultzeko aldarrikapena eginez. Lau urte baino gehiago euren aurrezkiak berreskuratzeko borrokan dihardutela gogoratu zuen Ordainduko zuzendaritza batzordeko kide Mikel Olabek. Gainera, gaur egun indar berrituekin epaileak epaiketaren data zehazteko zain daudela azaldu zuen Olabek.