Fagor Kooperatiba Elkarteak gaur goizean aurkeztu duen auzi eskeari erantzuteko prentsaoharra kaleratu dute Edesa Industrialeko ordezkariek. Bertan diote ez dutela auzi eskearen inguruko jakinarazpen legalik edo formalik jaso, eta hainbat azalpen ere ematen dituzte.
Diote ez dituztela onartzen leporatzen zaizkien ez betetzeak, eta ez daudela ados eskatzen zaizkien kopuruekin. Zentzu horretan, azpimarratzen dute orain gutxi Kooperatiba Elkarteari hainbat diru-sartze "esanguratsu" egin dizkiotela marka mantentzea oinarri hartuta, eta harritu egin dituela Fagorren aldebakarreko erabakiak.
Datu eta informazio "okerrak"
Edesa Industrialetik gaineratzen dute lanpostuen mantenuaren inguruko konpromisoa Fagorrek emandako datuen eta informazioen arabera egindako aurreikuspenetan oinarrituta hartu zutela, eta datu eta informazio horiek ez zirela bete edo "okerrak" zirela. Diote, era berean, horri merkatuaren kontrako baldintzak eta low cost ekoizpena egiten duten herrialdeen presioa gehituta, ezinezkoa izan zaiela konpromiso horiek betetzea.
Nabarmentzen dute, kontratua hasi zenetik "baldintza txarrak" pilatzen joan diren arren, eta 70 milioi euro inbertitu ostean, enpresak ez diola ukorik egiten Euskal Herrian jarraitzeari eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzeari. Zehazten dute, hori bai, ezingo balute marka erabili, bere jarduerak ezingo lukeela Euskal Herrian jarraitu. Hori arrazoitzeko hainbat faktore azpimarratzen dituzte: ekoizpen eta lantalde kostu altuak, eta diru-laguntzetarako aukerak. Edesa Industrialek, gainera, ez du baztertzen ekintza legalak hastea, ordezkarien esanetan, "enpresaren jarduna eta beti etikoa eta legearen barrukoa izan den jokabidea defendatzeko".