Mankomunitateko lehendakariak dio lurraldeko errefusa Epelera ekartzeko aukera ez duela planteatu, gai honetan "adostasunik lortzeko ezintasuna" ikusirik

Epeleko isurtegiaren etorkizunaren gainean, EH Bilduk joan zen astean hedabideetara igorritako oharraren aurrean, Unai Elkoro mankomunitateko presidenteak erantzun du lurraldean sortzen den errefusa Epelera ekartzeko aukera ez duela dagokion organoetan "planteatu ere egin", gai honetan "adostasunak lortzeko ezintasuna" ikusirik.

Hemen, Unai Elkoro Mankomunitateko presidentearen idatzia, osorik:

EH Bilduk hedabideetara igorritako oharrari erantzuna:

"Astelehenean Goienan EH Bilduren oharraren berri izan nuen, joan den asteko astelehenean DV-n argitaratu zen berri bati erantzunez. Ohar horretan mankomunitateari "daukan informazio guztia partekatzea" eskatzen dio, "gaiaren larritasuna" ikusita.

Debagoieneko mankomunitateko lehendakari izanik, niri dagokit informazio hori helaraztea. Aste eta erdi pasa da berri hura atera zenetik, eta denbora honetan dei ugari jaso ditut informazio eske, gehienak alderdikideenak, baina baita EH Bilduko kide batzuenak ere, Aretxabaletako zinegotzienak eta Elgetako alkatearenak, esate baterako, berria irakurri eta ardura azaldu dutenak. Guztiekin gai honi buruz daukadan informazioa partekatu dut eta garbi azaldu diet egoera. Edonola ere, Debagoieneko EH Bilduk nahiago izan du abagunea aprobetxatuaz hedabideetan zalaparta sortzea.

Mankomunitateko EH Bilduko ordezkarien bitartez informazioa eskatu beharrean hedabide honen bidez eskatu dutenez, nik ere bide bera erabiliko dut egoeraren berri emateko:

Denok dakigu azken legealdian gertatutakoa, errauskailua gelditu eta Gipuzkoan zabalik zeuden 4 isurtegitik 3 itxi ditu Bilduko gobernuak. Ondorioz, Lapatxeko zabortegia besterik ez da gelditu Gipuzkoa osoan zaborrak jasotzeko gai.

Abenduan Lapatxek jakinarazi zigun otsailaren 3az geroztik ez zuela Urola Erditik kanpoko zaborrik onartuko. Egoera horren aurrean, GHKko arduradunek irtenbide bat bilatu beharra zeukaten. Irtenbide horien artean, Epelen zaborra botatzearen aukera ikusi zuten, eta hala jakinarazi ziguten. Gai honetan adostasunik lortzeko ezintasuna ikusirik, ez dut Debagoienean planteatu ere egin, Asensio diputatuak berak ere eman dio Goienari gure erantzunaren berri.

Cegasako lixibatuak

Baina ni Epelen arduratzen nauena beste gai bat da; urteetan Cegasatik bildutako hondakinek sortzen dituzten lixibatuak. Azaroan ikuskaritza izan genuen Epelen, eta eman zuten gure jokabide irregularraren berri. 

Amaitzeko hausnarketarako ariketa bat utzi nahi nizueke; ingurumena kaltetzen duena etxeko hondakinak soilik al dira? Zabor bilketa selektiboan munduko onenak izateak ezertarako balio al du inongo tratamendu planik izan ezean? Norberak atera ditzala bere ondorioak".

Erlazionatuak

Epeleko hondakindegia kezka iturri Elgetako Udalean ere

Elgeta

Hondakinak tratatzeko Epeleko isurtegia izan dute berbeta gai Elgetako Udalean ere. Hainbat gai jorratu dituzte urtarrileko osoko bilkuran eta hori...
Ingurumen diputatuak dio ez dakitela lurraldeko errefusa Epelera eroango duten

Bergara 4

Gipuzkoan sortzen den errefusa Azpeitiko Lapatx zabortegira eramaten dute, baina Urola Erdiko mankomunitateak amaiera epea jarri dio horri: otsaila...
Epeleko Hondakindegiaren inguruan duen "informazio guztia partekatzea" eskatu dio EH Bilduk Mankomunitateari

Debagoiena

Debagoieneko EH Bilduk bere kezka adierazi du azken egunetan Epeleko Hondakindegiaren inguruan hainbat hedabideetan adierazi diren asmoen aurrean e...
Gipuzkoako errefusa Epelera?

Bergara 2

Debagoieneko Mankomunitateko presidente Unai Elkorok adierazi du ezetz, ez dutela aukera hori bideragarri ikusten eta Gipuzkoako errefusa ez dutela...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.