Ingurumen diputatuak dio ez dakitela lurraldeko errefusa Epelera eroango duten

Eneko Azkarate 2016ko urt. 26a, 12:54

Gipuzkoan sortzen den errefusa Azpeitiko Lapatx zabortegira eramaten dute, baina Urola Erdiko mankomunitateak amaiera epea jarri dio horri: otsailaren 3a. Itxiera hori urte betez saihesteko akordioa aste honetan bertan lor daitekeela esan du Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, Jose Ignacio Asensiok, Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Lurraldeko errefusa Epeleko (Bergara) isurtegira eroateari buruz, berriz, zera esan du: "Ez dakigu oraindik".

Zubietako errauste plantaren gainean, lurraldeko hondakinen  gainean eta birziklatze tasaren gainean aritu da. Eta Lapatxeko zabortegia eta Epeleko isurtegia aipatu ditu.

Epeleko isurtegia materia organikoarekin lotu du Asensiok eta esan du "bizpahiru hilabete barru" irekiko dutela. 9.000 edo 10.000 tona materia organiko batzea aurreikusten dute bertan.

Errefusa Epelera joango den ala ez galdetuta, Asensiok zera erantzun du: "Ez dakigu oraindik". Debagoieneko Mankomunitateak Epelen errefusa jasotzeari ezetz esan duela-eta, Asensiok adierazi du, "saiatuko" direla "akordio batera" heltzen.

Lehentasuna Lapatxera eroatea

Edozelan ere, Asensiok adierazi du lurraldean sortzen den errefusa Lapatxera ezin bada eroan, kanpora bidaltzea dela beste aukera bat. Baina hori egitea "oso garestia" dela. Lapatxeko zabortegira eroatea baino "askoz ere garestiagoa".

165.000 tona errefus sortzen da urtean Gipuzkoan eta Lapatxeko zabortegira beste urtebetez eroatea nahiko luke Ingurumen diputatuak. Hori lortzeko negoziazioetan dabiltzala esan du. Horretarako, halere, moldaketa tekniko batzuk egin beharko lituzkete Lapatxen eta horren kostua 200.000 eurokoa dela esan du Asensiok. Errefusa kanpora ateraz gero, "kostua bikoiztu edo hirukoiztu" egin daitekeela esan du.

Zubietako errauste planta 2019rako

Lurraldeko zabortegiak ixtea helburu dutela esan du, baina, horretarako, hiri hondakinak tratatzeko azpiegitura egokiak behar dituztela, hau da, "Zubietako errauste planta eta beste zenbait baliabide" lehenbailehen abian jartzea. Honen gainean, txosten tekniko eta juridikoak egiten dihardutela esan du eta, horiek, "hurrengo asteotan" aurkeztuko dituztela. Ondoren, "lanak lizitaziora" aterako dituztela eta "urtea amaitu baino lehen" azpiegitura lanak egiteko obrak hasiko dituztela Zubietan. Obrak amaitzeko, "30 edo 33 hilabete" beharko dituztela esan du. Hau da, lanak ondo bidean, agintaldi amaierarako, 2019eko udaberrirako prest izango dela errauste planta.

Jose Ignacio Asensiok esan du Zubietako errauste planta txikiagoa izango da duela bost urte proiektatu zutena baino. Neurri batean, azkeneko agintaldian gaikako bilketari eman zaion soluzioagatik, –onartu du Asensiok. Foru Aldundiak egin dituen estimazioen arabera, birziklatze tasa %70ekoa izatea da helburua. Gainerakoa tratatzeko eraikiko lituzkete Zubietako azpiegiturak.

Gaikako bilketa %50ekoa lurraldean

Gaur egun, Gipuzkoan, ontzi arin guztien %42 batzen dira bereizita. Organikoari dagokionez, ostera, %30ekoa da gaikako batez besteko bilketa. Onartu du tasa horiek "hobetu beharra" dagoela. Beirari dagokiez, %75 jasotzen da gaika eta papera eta kartoia %70. Tasa horiek "nahiko ondo" daudela esan du. Gaur egun, gaika, Gipuzkoan %50 jasotzen dela onartu du eta helburua dela %70era iristea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak