Debagoieneko EH Bilduk hedabideetara igorritako oharra, hemen:
"Debagoiena aitzindaria da hondakinen kudeaketa berriak, jasangarriak eta eraginkorrak ezartzeko garaian. Birziklapen tasetan aurrerapauso esanguratsuak eman ditugu azken urteetan eta izandako lorpenak txalotuak izan dira izaera ezberdineko hainbat erakunde eta eragileren partetik.
Epele bailarako industrien hondakin ez arriskutsuak, bailarako obretako hondakinak eta etxeetako obra txikietatik ateratzen diren eskonbruak isurtzeko hondakindegia da. Eskualdeko profesional, autonomo eta enpresentzat behar beharrezkoa den zerbitzu publikoa eskaintzen duen azpiegitura da.
Gipuzkoako Hondakinen kontsortzioa eta Urola erdiko Mankomunitatea Lapatxeko hondakindegiaren biziraupenaren inguruan negoziatzen ari dira. Akordiorik ezean, Gipuzkoako errefus guztia Epeleko hondakindegira bideratzea aztertzen ari omen da GHK.
Debagoienak hilero 400 tona inguru errefus sortzen ditu. Eta hedabideetan jasotakoa betetzen bada, Epelen hilean 13.500 tona errefus jasoko genituzke hilabete gutxiren buruan. Eguneko 50 kamioi errefus gutxi gorabehera.
Hedabideetan jasotakoaren arabera dena. Hau ere esanguratsua benetan. Debagoieneko Mankomunitateak du gaiaren inguruko azken erabakia hartzeko eskumena, baina, momentuz, ez da inongo gobernu organotan gaiaz hitz egin".