Alkate izango dira boto gehien eskuratu zituzten hautagaiak

Ubane Madera 2015ko eka. 12a, 09:12

Egun esanguratsua da biharkoa udalerrietan. Datozen lau urteotan udalen gidaritza izango duten hautetsiek karguak hartuko dituzten eguna delako. Debagoieneko bederatzi herrietatik zortzitan 12:00etan hasiko dira inbestidura ekitaldiak. Salbuespena Leintz Gatzaga da, 13:30ean hasiko da han.

Guztietan, hori bai, emozioak bor-bor ibiliko dira. Ilusioarekin hartuko dute bereziki kargua hautetsi berriek. Hauteskundeetan ezustekoa izan zuten alderdietako ordezkariek, batez ere.       

Ez da sorpresarik espero

Ezustekoak aipatuta, ez da halakorik espero izendapenei dagokienez. Bestela esanda, boto gehien eskuratutako alderdietako zerrendaburuak izendatuko dituzte alkate biharko ekitaldietan.
Ezustekoa gerta zatekeen kasua Eskoriatzakoa zen; han, EAJ ez beste alderdi guztiek adostasuna lortu eta beste hautetsi baten alde bozkatuko balute, hura irtengo litzateke alkate.

Baina Irabazik Goienari esandakoaren arabera: "Guk gure buruari bozkatuko diogu lau herrietan. Eskoriatzan ere bai, batzarrean hala erabakita". Horixe dio Juan Luis Merinok, Irabaziko ordezkariak. Gauzak horrela, beraz, Eskoriatzan ere ez da ezustekorik espero.  

Edozein modutan, eskualdeko alderdiak ibili dira euren artean berba egiten. EAJk Goienari esan dioenez, batzarrak egiten dabiltza zerrenda bozkatuena izan duten herrietan, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, alegia. "Gure ardura da guztiekin hitz egin eta gobernua osatzeko akordioetara iristea. Oraindik ez dira elkarrizketak bukatu eta ez dago erabakirik. Zapaturako alkate izendatze akordioak lortzea espero dugu", esan du Aintzane Oiarbidek, bailarako EAJko komunikazio arduradunak.

Debagoienean bigarren indarra izan den EH Bilduk, berriz, esan du EAJ lehen indarra den herrietan hari utzi diotela "gobernua osatzeko iniziatiba eta herri guztietan beraiekin harremanetan" daudela. "Uste dugu lehenengo indarra izanik beraiei dagokiela gobernatzea eta ez dugu egingo beraiek gobernutik kentzeko saiakerarik, ezta Eskoriatzan ere", esan du Ibai Redondok, Debagoieneko EH Bilduko ordezkariak.

Gehiengo argiak

Gainontzeko herriei dagokienez, Arrasateko kasuan EAJk eskuratuko du alkatetza, ezusteko handia litzateke-eta PSE-EEk EH Bilduren alde bozkatzea; eta Baleikek eta Irabazik EH Bilduren alde bozkatuta ere, boto baten faltan geratuko lirateke EAJren parean.

Bergaran, berriz, ezker abertzaleak berak jakinarazi dio Goienari ez duela Agurne Barruso aurkeztuko bozketara.

Aretxabaletan, PSE-EEk du giltza Unai Elkoro jeltzalea lehen bueltan edo bigarrenean alkate izendatzeko. Baina argi dago izan Elkoro izango dela alkate. Eta Oñatin, Antzuolan, Elgetan, Aramaion eta Leintz Gatzagan, berriz, ez dago itunetarako aukerarik, boto gehien eskuratu dituztenek gehiengo argiak dituzte-eta.

Atez atekoa zalantzan

Kontuak kontu, behin zapatukoa gauzatuta, eta debagoiendarren egunerokoan eragiten duten gai zehatzei buruz galdetuta, azken lau urteotan horrenbeste zeresan eragin dituen atez ateko bilketa sistemarekin zer gertatuko den da askoren zalantza.

Kasu horretan, Eskoriatzako EAJk iragarrita du herri galdeketa egingo zukeela hondakinen bilketa sistemak zein izan behar duen erabakitzeko.

Eta ildo beretik jotzen du Aretxabaletako EAJk ere, Elkororen ahotan: "Programan gai honi buruko kontsulta egiteko konpromisoa azaldu dugu eta lehenbailehen martxan jarri nahi dugu galdeketa prozesua. Horrekin ez dut esan nahi galdeketa berehala burutuko denik, legedia bete beharra dugu, kontsultak erabakitzeko eskubidea berma dezan. Kontuan dugu herrian gai hau bor-borrean dabilela eta beste behin adierazi nahi dugu hartutako konpromisoa  beteko dugula. Gure apustua bosgarren edukiontziaren aldekoa da (…)  Udala osatzeke izanik zail da data zehatz bat jartzea, baina berehala martxan jarriko gara, gardentasun osoz, kostu eta emaitza datuak aurkeztuko ditugu, herritarrek aukeratzeko garaian zalantzarik izan ez dezaten".

"Programa aurrera eramatea"

Osterantzean, EAJk aditzera eman du agintaldian "herri bakoitzak bere eskumena" izango duela gobernua osatu ondoren. "Programa aurrera eramatea izango da bakoitzaren helburua. Herritarrek gehiengoz aldeko botoa eman dioten programa aurrera eramatea", esan du Oiarbidek.

EH Bilduk, berriz, azpimarratu du "oposizio zorrotza eta eraikitzailea" egingo dutela. "Lau urtetan udal gobernu gehienetan egon gara eta zenbait kasutan oposizio zikina, manipulatzailea eta errespetu gutxikoa bizi izan dugu. Guk ez dugu inolaz ere gauza bera egingo", dio Redondok, eta hauxe gaineratu du: "Saiatuko gara herritarrekin batera egindako programak praktikara eramaten eta horretarako adostasun zabalak bilatzen, herritarrekin, herri eragileekin eta oposizioko alderdiekin". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak