Erabat herrikoia izango da zapatukoa

Ubane Madera 2015ko eka. 12a, 13:51
Eneka Zankada eta Eugenio Otsoa, elkarri eskua ematen.

Egun osoko ospakizun herrikoia bilakatu dute kargu-hartze/Auzolan Eguna gatzagarrek. Egun osokoa 09:00etan hasiko dutelako iluntzera arte luzatuko den eguna; eta herrikoia erabat, besteak beste, bazkarirako 140 bat lagunek eman dutelako izena.

Xehetasunetan sartuta, auzolanarekin hasiko dute zapatua. 09:00etan elkartu eta Bengoerrekarako bidea hartuko du herritar talde batek. "Itxitura bat egingo da han eta gero iturri inguruko elementuak konpondu (barbakoa, jokoak…)", kontatu du Eugenio Otsoa jarduneko alkateak.

Bigarren hitzordua, berriz, 09:30-10:00ak aldera izango da, herri barruan. "Garbitu, txukundu, loreak jarri… halakoak egingo ditugu, umeekin batera", dio Otsoak.

Behin auzo lanak bukatuta, asmoa da 13:30ean udaletxerako bidea hartzea, herritarrak ere kargu-hartzearen partaide izan daitezen.

Bazkaria, pilotalekuan

Eta horren ondoren etorriko da herri bazkaria (14:30ean). 120 nagusik eman dute izena eta 15-20 bat ume bertaratuko direla uste dute antolatzaileek. Egunotako eguraldia ikusita, seguru aski pilotalekuan egin beharko dute oturuntza. Menua, gozo askoa: patatak saltsa berdean almejekin, saiheskia eta postrea. Eta horren osagarri, sorpresak iragarri dituzte. Besteak beste, lehen ikasturtea izan duen trikitia eskolakoek saioa egingo dute bazkalostean, gonbidatu bereziak izango dira…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak