Hurrengo pausoa izaten da jakitea ze alderditako zerrendaburuak aurkeztuko diren alkategai; hori jakinda, bozketa egingo da. EH Bilduk aurreratu du, dagoeneko, ez duela Agurne Barruso aurkeztuko: "Emaitzak aztertuta, ikus daiteke bergararren agindua izan dela gu oposizioan egotea; eta uste dugu Bergararen alde oposiziotik ere lan handia egin daitekeela". Barrusok berak iragarri du, baita ere, euren botoa zuria izango dela.
Irabazik hauteskundeetan lortutako hautetsiak, Aiert Lizarraldek, bestetik, bere burua aurkeztuko du, eta edizio hau ixterakoan zer egin erabaki gabe zuena PSE-EE da. Mari Carmen Barrenetxearen botoaren arabera, bederatzi aldekorekin –EAJren zortziak eta PSE-EErena– gehiengo osoz edo alderdi bozkatuena izateagatik, Juanje Alberdi bihurtuko da Bergarako alkate. Alkateak karguari zin egin eta handik aurrerakoak berak gidatuko ditu.