Rafael Kortabarria eta Kepa Zelaia dira udalbatza berriko zinegotzi zaharrena eta gazteena. Horien izendapena egin ostean, EH Bilduko zerrendan joan diren lehen hamarrek eta EAJko lehen zapiek hartuko dute zinegotzi kargua, inork ez dio uko egin-eta. Azkena, alkatea aukeratzea izango da. "Badut testutxo bat prestatuta inbestidura egunean irakurtzeko, baina ekitaldi apala izango da. Oposizioak ere izango du hitza hartzeko aukera", adierazi du jarduneko alkateak, Mikel Biainek.
Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da ekitaldia eta bete egingo da, ziurrenik, aurreko inbestidura egunetan horrela izanda-eta. Zinegotzien etxekoak, senideak, lagunak joan ohi izan dira. Baita zinegotzi izandakoak ere. Biharko ekitaldian egongo dira, esaterako, urte askotan zinegotzi izan diren Anjel Biain (20 urtez EAJko zinegotzi), Ainhoa Galdos (EAJ, hamabi urte) eta Andoni Gartzia (EAJ, 20 urte) ere, "udalbatza berriari gure babesa ematen", Galdosen esanetan.
Herri askotan alkate-makila pasatzen dio alkate izan denak alkate berriari. Oñatin, baina, makila ez, xibittia da eskuz aldatzen dena. Bihar, ordea, esku berdinetan geratuko da. "Gogoan dut Reyes Korkostegi alkate zela, neuk eraman nuela behin Aberri Egun batera", kontatu du Anjel Iturbek. Korpusetan, Arantzazuko Amaren Egunean eta antzerako ekitaldietan eraman ohi izan dute zumitzarekin egindako borobilean lotutako makila fina alkateek eta Lehendakariari edo Ahaldun Nagusiari eman ohi izan diote ekitaldiak iraun duen bitartean. Eli Galdosen garaitik hona alkatez alkate ere pasatzen den ikurra da.