Proiektu "sendo eta lehiakorrak" egitearen garrantzia nabarmendu du Javier Sotilek Mondragonen Kongresuan

Javier Sotil Mondragon taldeko presidente berriak estraineko hitzaldia eskaini du gaur Kursaalen, taldearen aurtengo Kongresuan. Mondragoneko kooperatibek proiektu "sendo eta lehiakorragoak" izatearen garrantzia azpimarratu du Javier Sotilek, epe luzerako "iraunkortasuna eta enpleguaren sorrera" bermatzeko.

Hitzordura, guztira, 650 konpromisario daude deituta, talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko. Etorkizuneko Mondragon proiektua aurkeztu du Sotilek. Mondragonen garai berriari buruzko "ilusioa eta konfiantza azpimarratzeko, eta printzipio eta balio kooperatiboen bizipena berraktibatzeko beharra eta proiektu sendo eta iraunkorrak izatearen garrantzia nabarmendu du Sotilek hitzaldian.

Kongresuak bi zati

Aurtengo Kongresuak bi zati izan ditu: lehenengoan, ohiko gaiak landu dira, hala nola, kooperatiba berriak onartzea (oraingoan Sareteknika, etxetresna elektrikoen saldu ondoko zerbitzu globalak emateko kooperatiba), Zentro Korporatiboaren aurrekontua berrestea, eta Kongresuko Batzorde Iraunkorraren zein Mondragoneko Kontseilu Orokorraren beraren kudeaketaren deskarguak aurkeztea.

Eta bigarrenean Etorkizuneko Mondragon esparru proiektua azaldu da, hau da, organo korporatiboek azkeneko hilabeteetan gogoeta egin eta gero definitu duten proiektua, Kongresuan aurkeztu eta gero kooperatibetara eramango dena, kooperatibek proiektuaren definizioan ere parte hartu dezaten.

Javier Goienetxea Batzorde Iraunkorreko presidente

Bestalde, aipagarria da Javier Goienetxea izendatu dela Batzorde Iraunkorreko eta Kongresuko lehendakari izateko, azken bost urteetan karguan jardun duen Agustin Markaideren ordez.

'Etorkizuneko Mondragon'

Javier Sotil joan den azaroaren 14an izendatu zuten Mondragon Taldeko Kontseilu Orokorreko lehendakari berri, eta hura arduratu da organo korporatiboek egindako hausnarketaren lehen fasea kideei aurkezteaz, Etorkizuneko Mondragon dokumentuan laburbilduta.

Kooperatibak haien erabakien erantzule

Funtsean, dokumentuak "eredu kooperatiboaren eta bera oinarritzen duten printzipioak eta balioak sendoak direlako eta indarrean daudelako konbentzimendua berresten" du. Halaber, "kooperatibetatik eraikitzen" dela baieztatzen du, "haiek izanik beren erabakien erantzule eta etorkizunaren jabe", eredu bat partekatuta, eta elkarren arteko lankidetzan eta elkartasun tresnetan bermatuta.

Balio kooperatiboak eta enpresa lehiakorrak

Hitzaldian, Javier Sotilek Esperientzia Kooperatiboaren balioa aldarrikatu du, "balio kooperatiboek gizartea aldatzen laguntzen digute, gure inguruneak justuagoak, solidarioagoak eta bidezkoagoak eginez" esan du. Gainera, "enpresa kooperatiboa" egiteko beharra ere nabarmendu du, balio kooperatiboen bizipena berrituz, eta, era berean, "enpresa lehiakorra", munduan lehiatuz, elkarren arteko lankidetza ea elkartasunerako tresna komunetan bermatuta.

Elkartasun zorrotz "eraldatzailea"

Dokumentuan proposatzen diren aldaketa nagusiei dagokienez, "elkartasun zorrotz eraldatzailea" aipatzen da, Dibisioen protagonismo handiagoa ekarriko duena kooperatibetan lehiakortasun arazoak aurreikusteko, eta erakunde korporatiboen eskakizun eta zorroztasun handiagoa fondoak esleitzeko. "Elkartasun zorrotzagoa izango da, egiazki egoerak aldatzen eta denboran luzatzen ez uzten lagunduko duena", adierazi zuen Sotilek.

Etorkizuneko ildoei dagokienez, Sotilek "Printzipio eta Balio kooperatiboen bizipen sakonagoa lortu beharra" aipatu du, "organoen lidergoa eta bazkideen konpromisoa eta erantzukizuna", eta, adierazi duenez, "proiektuak, enpleguak eta sortutako aberastasunak epe luzera iraungo badute, proiektu sendo eta lehiakorragoak beharko dira".

Konfiantza eta ilusioa

Azkenik, Kontseilu Orokorreko lehendakari berriak gaineratu duenez, aro berriari "konfiantza, ilusio eta baikortasunez egin behar zaio aurre, traumak gainditu, eta talde kooperatibo honek eta bere pertsonek etorkizuna eraikitzeko duten ahalmenean sinetsi".

Dokumentua aurkeztu eta gero, hemendik aurrera eztabaida kooperatibetara eramango da, edukietan parte hartzeko fase zabal eta sakona irekiz, hurrengo kongresuan hainbat ponentzia aurkeztuz amaituko dena, Mondragonen etorkizuneko erronkak zehazteko.

Mondragonen Kongresua zer da?

Kongresua Mondragon gidatzeko jarraibide edo irizpide nagusiak ezartzen dituen organoa da, hau da, interes komuneko funtsezko gaiei buruzko oinarrizko politikak definitzen dituena. Urteroko hitzordu korporatibora, guztira, 650 konpromisario daude deituta, taldean integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko. Organoan, halaber, kooperatiba berrien sarrera onartzen da, eta Batzorde Iraunkorraren –Kongresu batetik bestera diharduen ordezkaritza instituzionaleko organoa– eta Kontseilu Orokorraren –Korporazioaren zuzendaritza organoa– gestioaren deskargua egiten da.

Erlazionatuak

Etorkizunerako proiektua aurkeztu du Mondragon Taldeak

Debagoiena

Mondragon Taldeak azken zortzi hilabeteetan egindako hausnarketa prozesuaren ondorioak aurkeztu ditu Kursaalean egindako kongresuan. Etorkizunera b...
Negoziazioa "exijitu" diote Mondragon Taldeari

Arrasate

Mondragon Taldearen kongresua dela-eta, Eskuratu eta Ordaindu plataformek kale agerraldia egin dute Donostiako Kursaalen aurrean. 14:00etan elkartu...
Javier Sotil Mondragon Taldeko presidenteari eskaera / Joxe Murgiaren gutuna

Arrasate

Kaixo, Javier. Duela urte asko elkarrekin jardun genuen lanean eta poztu naiz Mondragon taldeko presidente izendatua izan zarelako.
Etorkizuneko Mondragon eraikitzen

Arrasate

Mondragon Taldeak gaur, astelehena, aurkeztuko du azkeneko hilabeteotan hausnarketa prozesu sakon baten bidez landu duen dokumentua: Etorkizuneko M...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.