Donostiako Kursaalen egingo du kongresu hori. Toki ez ohikoa, orain arte Arrasaten egin izan dituelako kongresuak. Fagor Etxetresnen erorketaren ostean, kooperatiba taldeak bizi duen egoera bereziak eroan ditu taldeko buruak oraingoan Donostian antolatzera kongresua. 15:00etan hasiko da eta taldeko kooperatiba ezberdineko 650 bat lan bazkide daude bertara deituak.
Dokumentua sakonean eztabaidatua izan da organo korporatiboetan eta asteleheneko kongresuan komunikatuko da, "efektu deklaratzailea" izango duelarik. Baina kooperatiben parte hartze zabalaren fasea, eduki desberdinetan, kongresuaren ostean hasiko da eta bukatuko da hurrengo kongresuan aurkeztu diren ponentzien aurkezpenarekin. Han jasoko dira "etorkizuneko erronkak ezartzeko beharrezkoak diren aldaketa normatiboak". Horrez gain, hurrengo kongresuan eztabaidatuko da 2017-2020 eperako politika sozio-enpresarial berria.
Horixe izango da, hortaz, Javier Sotilen egiteko nagusia: Mondragon berri baterako gidaritza lanak egitea.
"Bizirik eta aktibo"
Javier Sotilen esanetan, urtebete hau "oso sakona eta bizia izan da eta aurreikusi baino denbora gehiagoz luzatu da". Korporaziotik diotenez, hasieran pentsatu baino pertsona gehiagok hartu du parte, "organo korporatibo guztien parte hartze eta inplikazioarekin". Etorkizunean taldeak izango dituen "funtsezko ildo nagusiak finkatu" dituzte.
Mondragon Taldeak "bizirik" dagoela, "aktibo izaten jarraitzen" duela, eta "egunetik egunera gauzak hobeto egiteko gogoa" duela erakutsi nahi du oraingoan.
Sorrerako helburuei eutsi
Inoiz baino gehiago, Mondragoeko kooperatiba taldearen sorrerako helburuei eutsi nahi die korporazioak: "enplegua sortu eta eraldaketa soziala bultzatu". Eta izpiritu hori jasota dago asteleheneko kongresuan aurkeztuko duten testuan.
"Eredu kooperatiboaren indarguneak eta bere sendotasuna berretsi ditugu, eta baita oinarrian dauden printzipio eta baloreak ere. Mondragon kooperatibetatik eraikitzen da, eta haiek dira bere erabakien eta etorkizunaren jabe. Eredu bera konpartitzen dute eta elkarren arteko kooperazioan eta solidaritatean oinarritzen dira" dio Sotilek.
Izan ere, kooperatibek duten burujabetza eta autonomia "berretsi" egin dute azkeneko hilabeteotako hausnarketetan: "horixe kontsideratu da muina, erdigunea".
Talde bat ez hoolding bat
Korporaziotik argi utzi dute talde bat osatzen dutela eta ez hoolding bat eta korporazioak ez duela kooperatiben gaitasun eta erabakitzeko ahalmenak eskuratzeko borondaterik. Edozelan ere, kooperatibek "etengabe berritzen eta errentagarri izaten" jarraitu behar dutela adierazi dute, baina era berean, kooperatiben arteko elkartasun mekanismoen garrantzia balioan jarri nahi izan dute: "gehiago irabazten duenak galtzen duenari laguntzeko eta inbertsioak egiten laguntzeko".
"Elkartasunean zorrotzagoak"
Halere, Fagor Etxetresnen erorketaren ostean, elkartasun mekanismoak eta kooperatibek helburuei eusten diotela ziurtatzeko moduak doitzeko beharra aitortu dute. Zentzu horretan, "elkartasunean zorrotzagoak" izateko konpromisoa hartu dute. "Proiektu bideragarriak behar ditugu eta ez proiektu babestuak edo soluziorik ez dutenak" diote. Zentzu horretan, aurrerantzean erabakiak hartzeko azkartasun handiago izango dutela aitortzen dute korporaziotik.
Urte ona
2014 urte ona izango dela diote, bestalde. Eroskik bere finantza egoera hobetzea lortu du hainbat zor eta kreditu berriro finantzatuta, eta inbertsioei ekin die. Elorrion berriki inauguratu duen logistika biltegi berria da horren erakusle. Laboral Kutxa osasuntsu dago. Eta, bestetik, industria kooperatibek ere, oro har, ondo amaituko dute urtea, alor honetan diharduten 103 kooperatiben artean "denetik" dagoen arren.
Mondragon Taldeak ez dauka, oraingoz, bere egitura aldatzeko asmorik. Baina korporazioko dibisioei edo sailei garrantzia handiagoa eman nahi die. Zentzu horretan, sail horien kopurua alda daitekeela onartu dute. Gaur egun 12 dira Mondragon Taldeko sail edo dibisioak.
Lagun Aroren garrantzia
Korporaziotik nabarmendu dute, egoera konplexu hauetan, Lagun Aroren garrantzia. Bereziki Fagor Etxetresnen itxieraren ostean oinarri-oinarrizkoa izan delako taldeko mutua. Fagor Etxetresnen erorketak sortutako behar berriei Lagun Aroren fondoetatik erantzun zaiela ekarri dute gogora; hori bai, "bazkideei kuotak igoz".
Fagor Etxetresnak, urtebetera
Fagor Etxetresna Elektrikoak itxi eta urtebetera, gauzak beste perspektiba batekin begiratzen dute korporaziotik. Egoera pertsonal lazgarrien gainetik, uste dute arazoari, hein handi baten, soluzioa eman zaiola: itxieraren ostean lan barik geratu ziren 2.000 langiletik 1.500 lagunendako irtenbideak aurkitu dira eta langileen %80 taldeko beste lantoki batzuetan birkokatzea lortu dute. Bestalde, Cata-Fagorren lan jarduna abiatu izanak beste hainbati eman die irtenbidea.
Edozelan ere, korporaziotik gogora ekarri nahi izan dute taldeko kooperatibek 300 milioi euro inguruko ekarpenak egin zituztela Fagor Etxetresna Elektrikoak bizirik eusteko, berau itxi arretik.