Fagor Etxetresnen itxieraren ondorioz, aurrezkiak berreskuratu ez dituzten kaltetuen plataformek negoziazioa "exijitzen" diote kooperatiba taldeari, diote gatazkak ez direla konpontzen "agintearekin".
"Ez dugu onartuko egia erdiek eta komunikabideen erabilerak kooperatibismoak berezkoak beharko lituzkeen egia, justizia eta izaera demokratikoa ilunaraztea. Gizarte hobe baten alde borrokatuko duen baloredun eta errespetudun kooperatibismoak bizirautea gura badugu, Fagorren gertatutakoaren gaineko autokritika beharrezkoa da (…) bai eta sortutako arazoei konponbidea ematea ere: kaltetutako guztiondako lanpostuak eta Eskuratuko eta Ordainduko kideei aurrezkiak itzultzea.
Segidan duzue komunikatu guztia irakurgai
2014EK0 KOOPERATIBEN BILTZARRARI
Kooperatibaren kulturan hazi ginen. Gutako asko taldeko beste kooperatiba batzuetan hasi ginen lanean eta FAGORen birkokatu gintuzten, gure jatorrizko kooperatibetan lana falta zelako eta orduan kooperatiba solidario nagusia zelako.
Gure diruz eta ilusioz CAJA LABORAL fundatu eta gure dirua bertara eraman genuen. Aseguruak LAGUN AROrekin egin genituen, FAGOR etxetresnak erosi genituen eta EROSKIra joaten ginen erosketak egitera. Diru apur bat aurreztu orduko, erretiroan pentsatuz, gure kooperatiban inbertitu genuen, denok ateratzen geniolako onura eta gure herriaren garapenean laguntzen genuela uste genuelako.
Mondragoneko Biltzarraren Batzorde Iraunkorrak sinatutako jakinarazpena etsipenez eta amorruz irakurri dugu. Asko erretiratuta edo aurre-erretiratuta gaude, baina lanean dabiltzan bazkideen kopurua ere handia da, eta guztiok FAGORen genituen aurrezki guztiak inbertituta. Esan diguzue dena galdu dugula eta ez dugula solidaritate mugagaberako eskubiderik. 1.500 inguru lagun gara, erretiratuak eta jende xumea, eta gure bizitzako aurrezki guztiak kendu dizkigute. Gutako askok porrota baino askoz ere lehenago eskatu genuen dirua itzultzea, baina ez genuen erantzunik jaso. Ordainduk hainbat bilera egin zituen presidentearekin eta presidenteordearekin. Elkartasuna Mondragon kooperatiba-mugimenduaren oinarrizko printzipioetako bat izan da. Propietarismoaren eta igualitarismoaren postulatuetan oinarritzen zen, eta bide indartsua eskaintzen zuen kapitalismo indibidualistaren aurrean. Gure balio moral eta etiko ugari galdu egin dira. Lehen, kooperatibismoa elkartasunaren, zuzentasunaren eta eraginkortasunaren eredu zen. Fagor Electrodomesticos printzipio eta funts horien adibide nagusia zen, duela urte gutxira arte.
Esaten duzuenez, beste kooperatibista batzuek enpresaren kapital sozialerako ekarpenak galdu zituzten. FED itxi zenean lanean ari ginen bazkideok onartu egin genuen kapital sozialean genituen ekarpenak galtzea. Alabaina, ez dugu onartzen borondatezko ekarpenak, merkataritza-maileguak, itzultzeko dagoen kapital soziala galtzea, eta erreklamatu egiten ditugu. Eskatzen dugu, halaber, lan egiteko adinean dauden FEDeko bazkideak korporazioko kooperatibetan finka daitezela, bere garaian ateak itxi zituzten kooperatibetako bazkideekin egin zen moduan. Oso erraza da mesedetuen idulkitik kooperatibetako bazkideen arriskuak eta abantailak aldarrikatzea. Pertsonaleko sailean gure aurrezkien bermeaz galdetzen genuenean, korporazio osoak zuen bera zela erantzuten ziguten. Orain ikusten dugu sukurtsal-zuzendariek iruzur egindako preferentistak garela gu ere. Elkartasun mugagabea...?
Antzinako fundatzaile batzuek burura bota dituzte eskuak. «Mondragon barik, 'ahal duenak ahal duena' erresuma izango da», iragarri du Javier Retegik. «Susmoa dut lokarriak lasaituz joango direla eta bakoitzak bere bideari helduko diola». lnternazionalizazioak kooperatiben planteamenduak indargabetu dituela dio.
«Gizarte-proiektuak pisua galdu du enpresa-proiektuaren mesedetan», Antonio Cancelok azpimarratzen duenez, «Kooperatibak behartuta daude kontu ematera eta bekatutik oso gertu dagoen obskurantismo hau ez baliatzera». Susmoa dugu Biltzarrari onesteko aurkeztuko zaion proiektuak ez duela balioko, FEDen gertatutakoa etorkizunean ez errepikatzeko eta kooperatiben likidazioak sortzen dituen kostu sozial, ekonomiko eta psikikoak duintasunez konpontzeko. Susmatzen dugu, gertatutakoak hausnarketa horizontala eskatzen duelako, ez korporazio-organoena bakarrik.
Esaten duzue Mondragonek ez duela eskumenik, egindako eskaerei erantzuteko. Hala ere, ba omen duzue birkokapenak egiteko eta emaitzak eta ohiko eta ezohiko ekarpenak korporazioaren fondoekin solidarizatzeko. Gogorarazi nahi dizuegu, korporazioan talde moduan jardun dugula beti, eta FED baliabide-ekarle nagusia izan dela. Zenbat eta zenbat kooperatiba txikik iraun ahal izan du horri esker! FEDeko ikuskaritza-txostenetan aitortu denez, etorkizuneko emaitzez ikuskariek zituzten zalantzen aurrean, FEDeko administrariek «Mondragon korporazioko bazkideen laguntza finantzarioa lortzeko bitartekoak» hartu zituzten aintzat, kontuak eman eta abalatzerakoan. Azpimarratu duzue, halaber, konkurtsopeko sozietateen hartzekodun nagusiak zaretela. Ez ahaztu kontu-sail horiek guztiak zuzkituta daudela zuen balantzeetan, gureetan ez bezala. Gogoratu likidazioak, iritzi publikoaren aurrean iragarri duzuenez, diru gehiago ez galtzea (enpresentzat aurrezkia sortzea) eta, gainera, prozesuan zertxobait berreskuratzea ahalbidetuko dizuela. Horrek ez luke ekarriko fondo korporatiboetan aparteko ekarpen bat egitea? Ezin da partaidetza-maileguetan pentsatu? Borondate kontua da, argi eta garbi.
Lokarri eta eskema ugari hautsi egin dira, baina konfiantza-galera da porrotik handiena, alegia, bazkideek beren korporazioari zioten eta euskal gizarteak eta erakundeek taldeari zioten konfiantza galtzea, denen onurarako zela eta barruko elkartasunak eta kudeaketaren bikaintasunak babestuta zegoela ematen baitzuen. Kooperatibaren araztasunaren estalkia erori egin da, eta lotsaizunak begien bistan agertu dira. Kraterrari begira dauden begiradak galdezka ari zaizkie beren buruei ea solidaritatea erreskatatu ahal izango den, ekonomia gizartearen zerbitzura jartzeko, ez gizartea ekonomiaren zerbitzura. Finantza-ingeniaritzaren ereduzko ariketa bat egin da. Enpresa bati erortzen utzi zaio eta, gero, bere balioaren % 5ean erosi egin da, inolako zama finantzariorik gabe eta aurretik zituen kudeatzaile ugarirekin, berriro hasteko. Bidean, hornitzaile txikiak eta aurrezkiak galdu dituzten bazkide langileak geratu dira. Zilegi da?
Argudio etikoak garrantzitsuak dira, baina, gure ustetan, baita gure argudio penal eta juridikoak ere. Tamalgarria litzateke, gure erreklamazioetara mugatutako akordio txalogarri bat lortu beharrean, auskalo norainoko eta nolako ondorioak izango lituzketen auzi-esketan sartuko bagina.