Javier Sotil Mondragon Taldeko presidenteari eskaera / Joxe Murgiaren gutuna

Joxe Murgia 2014ko abe. 13a, 10:34

Kaixo, Javier. Duela urte asko elkarrekin jardun genuen lanean eta poztu naiz Mondragon taldeko presidente izendatua izan zarelako.

Badakit kontrario asko dauzkazula Fagor Taldean eta baita Mondragon Taldean ere. Eta, horretaz gain, taldeko zuzendari nagusi batek baino gehiagok ezin zaituela ikusi ere egin. Ni, benetan, pozten naiz izendapenarengatik eta zoriondu egin nahi zaitut horregatik.

Irakurri ditut zure adierazpenak kooperatibismoaren gainean eta ados nago diozunean zerbait egin beharko dela lehenbailehen eta ondo, saihestu nahi bada orain arte lortutako guztia behera etortzea. Ez dakidana da hori egiteko potrorik izango duzun, zu zeu buru zaren kooperatibisten mafiak egingo dizun presioa dela-eta.

Ondo dakizu justizia eta elkartasuna izan direla Arrasaten sortutako kooperatibismoaren ikurrak. Horregatik, ulergaitza da nahita ahaztea aurrezkiak (maileguak eta borondatezko ekarpenak) kendu —lapurtu ez esatearren— zaizkien 750 pertsona. Ez gabiltza libretetan gordeta geneukan kapitalen gainean, hori onartzen dugu enpresaburu garen heinean.

Lanpostuak garrantzitsuak dira, etorkizunean dirua irabazteko, baina ez dauka garrantzi txikiagorik irabazi eta Fagor Etxetresnei mailegatu diegun dirua. Hortaz, egia osoa esatetik hasi behar da. Eusko Jaurlaritzak egin beharko lukeen moduan.

Aurrezkiak kendu dizkiguten aurreztaile txikiekin egiten ari diren bidegabekeria (horietako asko erretiratuak) ez dute ulertzen Mondragoneko kooperatibismoaren sortzaile batzuek, entzunda daukadanez. Haiek, uste dut, pentsatzen dute 50 milioi euro izan daitezkeen aurrezkiak itzul daitezkeela eta itzul behar direla.

Kontuan hartu behar da agintari askok, informazio pribilegiatua erabiliz, libretetako aurrezkiak eta baita kapitala ere kendu dituztela. Oraindik ikusteko dago epaitegiek ze erantzukizun penal ezartzen dituzten.

Era berean, Fagor Etxetresnak 2011n kiebran zegoela jakitun, jendearen aurrezkiak jasotzen segitzen zuten, oraindik ere, engainaturik, kooperatiban sinisten zutelako. Horrek ez dauka izenik. Esango didazu ez dagoela dirurik. Egia da. 2015eko nominak ordaintzeko dirurik ere ez dago, ezta 2015eko inbertsioak egiteko ere. Baina denok espero dugu enpresa bakoitzean dirua sortzen joatea. Ez da egia?

Laburbilduz, eskatu nahi dizut ahal duzun guztia egitea aurrezkiak itzul diezazkiguten guztioi (100.000 lagun gara Euskadin). Izan ere, 2018an zu erretiratuta egongo zara, baina kaltetuetako askok (agian ni neuk ere) hemen jarraituko dugu.

Uste dut egiten gabiltzan presio soziala oso ahula dela, beste arrazoi batzuen artean, ulertuta daukadanez, Fagor-Cata berriak, mafia kooperatibistak eraginda, kale borrokarekin presio egin ditzaketenak kontratatzen diharduelako.

Era berean, oraindik ez da Interneteko edo BBCko edo beste hedabide batzuetako presioarekin hasi. Hondamen handia izango litzateke Mondragoeko kooperatibismoaren ospea galtzea.

Bueno, Javier, zorte opa dizut zure zeregin zail honetan. Benetan.

Agur, mutil.

----------

Joxe Murgia

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak