IRPH indizea erabiltzeagatik zigortu egin du epaileak Kutxabank

Leire Kortabarria 2014ko mai. 7a, 10:00

Banketxe batzuek oraindik erabiltzen duten IRPH indizea abusuzkoa izateagatik baliogabetzen duen lehen epaia eman zen atzo, martitzena. Donostiako epaitegi batek eman zuen. Epaiak Kutxabank "bidegabe kobratutako interesak" itzultzera eta IRPH Kutxak indizearen ordez Euribor+1 erabiltzera zigortzen du.

Salaketa IRPH Stop plataformako kide batzuek ipini zuten, Kaleratzeak Stop plataformaren talde juridikoko Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskin abokatuen laguntzarekin. Salaketa osorik onartu du epaileak.

Epaiketa otsailaren 17an izan zen, eta Kaleratzeak Stop-eko bozeramale Ada Colau bertan izan zen.

Gipuzkoako IRPH Stop plataformak "oso modu positiboan" hartu du epaia, abusuzko klausulen inguruko Europako 93/13/CEE direktiban oinarritzen dena. Euren esanetan, epai horrek "IRPH entitateek manipulatu dezaketen indizea eta, beraz, legediaren kontrakoa dela ezartzen du".

Ezingo du IRPH gehiago erabili

Salaketa ipini dutenei IRPH Kutxak eta Euribor+1 indizeen arteko diferentzia bueltatu beharko die Kutxabankek, eta gainera, aurrerantzean ezingo du IRPH Kutxak indizea gehiago erabili. Kutxabank-ek izulitako diruaren legezko interesa eta prozedimentuaren kostak ere ordaindu beharko ditu.

Gainera, epaiak errieta egiten dio Kutxabanki 2013ko azaroaren 1ean IRPH Kutxak ofizialki desagertu ondoren ere aplikatzen jarraitzen duelako. "Banketxeak gaur egun ere aplikatzen darrai, Gasteizko legebiltzar, udaletxe, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Batzar Nagusien eskaerei entzungor eginez", esaten du IRPH Stop plataformak.

Kutxabankek hogei egun ditu orain epaiari helegitea jartzeko, baina elkarteak "dei zuzena" egiten die entitatearen kudeatzaile politikoei helegiteari uko egin eta epaia onartu dezaten, eta IRPHaren edozein aldaeraren kaltedun guztiei zabaldu dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak