Donostiako epaitegiak eman zuen IRPH indizeak bertan behera uzteko agindua, maiatzaren 6an. Ondorioz, Kutxabankek helegitea aurkezteko hogei eguneko epea du, eta erakundeak ohar bidez adierazi du egingo duela.
IRPH Stop eta Stop Kaleratzeak elkarteek positibotzat jo dute epaia. Baina EAJ, PSE eta PP alderdiei eta CCOO sindikatuari epaia onartzeko eskatu die, arrazoituz Kutxabanken defentsa patetikoa dela, eta elkarteak argitaratutako txostena epaiaren ondorioetatik haratago doala. Izan ere, epaiketa hasi eta egun gutxira IRPH indizeen ahulguneak eta gabeziak laburbiltzen dituen txostena kaleratu zuten. Agirian argitaratutako datuen arabera, indizeak ez dira egokiak, kutxek haien nahietara egokitzen dituztelako eta Espainiako Bankuak ezarritako komisioak bikoiztu egiten dituztelako.
IRPH Kutxak eta Bankuak indizeak baliogabetu ziren moduan, IRPH Entitateak indizeak ere bertan behera uzteko eskatu du IRPH Stop elkarteak. Txostenean kaleratutako datuen arabera, kaltetuek galdutako dirua eta ondasunak berreskuratu beharko lituzkete, besteak beste, etxe kaleratzeak jasan dituztenak.