Zertarako erabiltzen da gaur egun HMEI indizea?
Hipoteka-mailegu baten interesak kalkulatzeko erabiltzen den indizeetako bat da HMEI, eta iazko apirilaren 28ra arte erabil zitekeen. Egun horretan, Banku-zerbitzuen Bezeroen Babes eta Gardentasun Ordena sartu zen indarrean eta, besteak beste, etorkizunean erabil zitezkeen indizeak ematen zituen. HMEI ez zen agertzen eta, beraz, ez da gehiago erabiltzen; baina mailegu asko HMEIren arabera eginda daude. Horietarako, bi aukera dago: maileguak berak alternatiba bat izatea bere kontratuan, Kutxabanken kasuan bezala; Kutxabankek emandako mailegu askok HMEI-Kutxak indizea dute, eta horren ordez Euriborra gehi 1 erabiltzeko alternatiba dago. Beste erakunde batzuen maileguen kontratuan ez zen alternatibarik zehaztu; horietarako, Espainiako Gobernuak esan behar du indize berria zein izango den.
Baina oraindik ez du hori egin. Orduan, zer?
Esandako ordenak esaten zuen HMEI behin betiko desagertuko zela handik urte betera, hau da, 2013ko apirilaren 28an. Baina Gobernuak ez du balio berria argitaratu. Orduan, HMEI-Kutxak manipulatu egin daiteke, kutxek bezeroei hilabete jakin baten kobratzen dietenaren batez bestekoa delako. Kutxak gero eta garestiagoak diren neurrian, HMEI-Kutxak ere gero eta handiagoa da. Abenduan, HMEI-Kutxak 3,3koa zen, eta orain 4,1ekoa da; Euriborra, aldiz, 0,45era jaitsi da.
Zenbat jenderi egiten dio kalte egoera horrek?
Espainiako hipoteka-maileguen % 10 eta % 15 artean HMEI erreferentziarekin eginda daude. Arazoa hau da: Kutxabank-eko bezeroek hitzartuta daukate HMEI-Kutxak desagertzen denean Euribor gehi 1 indizea erabiltzea. Gaur bertan desagertuko balitz, 1,45eko interesa ordainduko lukete, hau da, hileko 300 eta 500 euro aurreratuko lituzkete. Baina Gobernuak ez duenez beste entitate batzuek erabili behar duten indizea argitaratzen, HMEI ez da desagertzen, eta bezeroei ez diete indizea ordezkatzen. Beraz, hiru gauza eskatzen ditugu: Gobernuari, HMEI-Kutxak indizea zeukaten eta alternatibarik hitzartuta ez daukaten maileguetarako interesa lehenbailehen argitara dezala; interes hori soziala izan dadila, Euriborra gehi 1, adibidez; eta Kutxabanki, HMEI-Kutxak ofiziala ez den 14 hilabete pasatu eta gero, Euriborra gehi 1 indizearekin ordezkatu dezala eta ez dadila aprobetxatu Gobernuak ez duelako bere lana egiten.
Noizko espero da Gobernuak indize hori argitaratzea?
Orain esan du urrirako egoera aztertu eta argitaratuko duela. Baina ez dago zer aztertu, gure iritziz; gauzak argi izan behar ditu, besterik ez: ze interes ipini gura diozu familia bati, handia edo txikia? Familiekin edo finantza-erakundeekin zaude? Bitartean, Gobernuak eta egoeraz aprobetxatzen dabiltzan entitateek jokaera kriminala dute.
Horren aurrean, udaletan mozioak aurkezten gabiltza, eta onartzen dabiltza. Mozio horretan, udalei hau eskatzen diegu: Ekonomia eta Ogasun Ministerioari gutuna bidal diezaioten, dekretu hori argitaratzeko eskatzen, eta dekretu hori soziala izan dadin eskatzen; eta, bestetik, Kutxabanki eskatzen indizeak behingoz ordezkatu ditzala, Euskadin familia asko dagoelako egoera horretan eta lur jota geratzen dabiltzalako.
Bestalde, PSErekin ere egon gara eta Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat sor dezan lortu dugu, ekainean gai hori bertan eztabaidatzeko. Legebiltzarrak ere gai horretaz zerbait esan dezan nahi dugu.
Lurzoru-klausulak ere salatzen dituzue.
Europako Kontseiluaren 193 Direktibaren arabera, lurzoru-klausulak abusiboak eta legez kanpokoak dira eta kendu egin behar dira. Gainera, kontsumitzaileen kontratuetan klausula abusiboak sar ez daitezen zaintzera behartzen ditu direktiba horrek estatu kideak. Baina Espainiako estatuak ez duenez ezer egiten, herritarrok banan-banan borrokatu behar dugu klausulak ken diezazkiguten, horrek dakarren diru, denbora, energia eta osasun gastuarekin; eta, 10 urte eta gero, irabaztea lortzen dugunean, dirua ez digute bueltatzen. Maiatzaren 9an Auzitegi Gorenak egin zuen epaiak abusibotzat eta legez kanpokotzat jo zituen BBVA, Caixa Galicia eta Cajamarren lurzoru-klausulak, baina itzuli behar izango zuketen diru-kopurua itzuli beharko balute, banku horiek behea joko zutela eta, beraz, ezin izango zela dirua itzuli, hori esan zuen.
Eguaztenean, sententzia hori berretsi zuen Auzitegi Gorenak, eta lurzoru-klausula guztiak kentzea erabaki zuen BBVAk. Orain, zer?
Bakarrik zuzenean aipatutako erakundeak behartzen ditu epaiak. Auzitegi Gorenak eurei ezer esan ez diela esaten dute beste erakunde batzuek, eta egia da, baina kriminala izan behar da baliorik gabe aitortu dituzten beste klausula batzuen berdinak diren klausula batzuk aplikatzen jarraitzeko.
BBVAren erabakiak beste banku batzuei gauza bera egitera eragin diezaiekela uste dute aditu batzuek.
Bai, baliteke, baina banku horien borondatearen araberakoa da. Eta guk ez dugu euren borondatearen arabera egon behar, ez eta epaitegietara jotzen ibili behar ere, kontsumitzaileak babesteko neurriak ipintzera behartzen duelako Europak Espainia. Espainiako estatuak ez du Europako zuzenbidea bete.
Orain, ea nola lortzen dugun klausula abusiboak kentzera behartu ditzaten beste erakundeak ere. Botere publikoekin lan egingo dugu, kontsumitzaile espainiarroi klausula horiek jar ez diezazkiguten parlamentuak ze asmo duen jakiteko.
Ze beste gehiegikeria dira ohikoak bankuen aldetik?
Abusu mota asko dago. Adibidez, norberak duen posizio irregular bakoitzeko bankuak 30 euro kobratzea abusua da, eta ilegala. Abusua da ere hipoteka baterako bizitza- edo etxebizitza-asegurua eska diezazuten, trukean interesa ez badizute txikitzen. Eskubideei uko egiten die jendeak, jakin barik, ezeren truke ez. Gure legea Europara moldatzeko lege bat argitaratu da orain. Bada, lege hori Konstituzioaren aurkakoa dela argudiatu gura dugu, arrazoi hauengatik: aurrerantzeko kaleratze-espedienteetarako bakarrik balio du eta 20 urtean etxetik bota duten jendea bere horretan utziko du; eta martxan zeuden espedienteak berriz hartu behar dira, lege berriarekin, eta Gobernuak bakarrik hilabete ematen digu zabalik dauden kasu guztietarako klausula abusiboen gaineko errekurtsoa aurkezteko. Auzitegi Konstituzionalera eroan gura dugu legea, indefentsioa sortzen duelako. Bestalde, jendeak benetako zorrarengatik erantzun dezan gura dugu; ken ditzatela klausula abusiboak, legez kanpoko komisioak… eta geratzen denaz erantzun dezala, baina bakarrik horretaz.
Izan ere, kontraesana dago: bankuak ez dira ostu diguten dirua itzultzeko gai, baina Espainiak ez du banku-erreskaterik behar, bankuak solbenteak direlako. Orduan, solbenteak dira edo ez?
Berdinak dira banku guztiak?
Bai, batzuk beste batzuk baino okerragoak. Espainian okerren portatzen dabilena Kutxabank da. Beste batzuekin lortu izan ditugu gauzak, baina Kutxabankekin, ezertxo ere ez.
Kaleratzeen kontrako plataformak egurra ere jasotzen du.
Bai, baina, gu barik, gauzak okerrago egongo lirateke. Jendearen inpotentzia bideratzen dugu. Ez dakit zer gertatuko litzatekeen guregatik izango ez balitz.