Bilbon, leku berean eta ordu berean egin dute hitzordua hiru sindikatuek Maiatzaren Lehenerako: ELAk bere kabuz eta CCOO eta UGT sindikatuek elkarrekin; hirurak, baina, Jesusen Bihotzetik aterako dira, 11:30ak pasata.
Euskadiko sindikatu nagusiari, ELAri dagokionez, sindikatuaren mitinaren ostean hasiko da manifestazioa, Gure eskubideen alde, kalera! Organización y lucha leloarekin. Izan ere, sindikatu abertzaleko ordezkariek argi aldarrikatu gura dute langileen borroka beharrezkoa dela, "orain inoiz baino gehiago, bizi dugun egoera kontuan hartuta", Amagoia Lasagabasterrek, ELAko Debagoieneko arduradunak, esandako moduan. "Aurten, gainera, Ignacio Fernandez Toxo (CCOO) eta Candido Mendez (UGT) Bilbora datoz, eta hori ez da kasualitatea, ze halako ekimenak ez dituzte deszentralizatzen sindikatuok, eta hemen, gainera, ELA da nagusi. Haiek elkarrizketa soziala aldarrikatuko dute, eta ELAk kritikatu egiten du, justu, elkarrizketa soziala; izan ere, zer da hori? Eta zertarako balio du? Horrez gainera, nahiko dute lan-harremanetarako euskal esparrua aldatzea, guk aldarrikatzen dugun espazio propioa alegia. Gauzak horrela, eta berez langileen borroka orain inoiz baino beharrezkoagoa izateaz gainera, jendea animatu gura dugu Bilboko manifestazioan parte hartzera", gaineratu du hark.
Hala iragarri dute Debagoienetik autobusak antolatu dituztela bertara joateko: Aretxabaletatik 09:30ean aterako da (autobus geltokia), Arrasatetik 09:45ean (Garibaitik), Oñatitik 09:45easn (autobus geltokitik) eta Bergaratik 10:00etan, (autobus geltokitik).
LAB Eibarren
LABek Euskal Herriko zazpi herrialdeetan egingo dituen 28 mobilizazioetako bat, berriz, Eibarren izango da. Horra joateko deia egin diete langileei eta Debagoieneko Sortuk ere dei egin du sindikatu abertzalearen mobilizazio horretan parte hartzeko. Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan leloarekin, 12:00etan aterako da manifestazioa Untzaga plazatik. "Maiatzaren 1a beti inportantea izan bada, orain badu beste berezitasun bat: langileen arloan zein gizartean badagoela erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena, guk babesten duguna", adierazi du Jose Ramon Kortabarriak, LABeko Debagoieneko ordezkariak.
LABek orokorrean salatu duenez, "langileak dira krisiaren aitzakiapean botere finantzarioek eta politikoek ezarritako neurriak pairatzen dituztenak eta baita ere Euskal Herriak justizia soziala lortzea ahalbideratuko duen subjektua (…) LABek Maiatzaren Lehenean burujabetza prozesu bat aurrera eramateko beharra aldarrikatuko du. Euskal Herriari irtenbide propioa, Espainia markatik eta gaurko politiketatik haustura ekarriko duena, emateko". Gaurko manifestazioaren ondoren Untzagan bazkaria egingo dute; 15:00etan izango da eta joan gura duenak izena eman behar du eskualdeko egoitzetan.
CCOO eta UGT, elkarrekin
Kalitatezko lan barik ez dago susperraldi ekonomikorik leloarekin, berriz, protestaldi bateratua egingo dute CCOO eta UGT sindikatuek. 11:30ean aterako dira Jesusen Bihotzetik, eta bertan parte hartzeko gonbitea egin diete Debagoieneko langileei.
Autobusak antolatu dituzte: Arrasatetik, 09:30ean, Bergaran geratuko dira 09:45ean, handik Eibarrera joango dira, eta Eibartik hartuko dute Bilborako bidea. Bi sindikatuetako idazkari nagusi Toxok eta Mendezek parte hartuko dute Bilboko manifestazioan.