Politika ekonomikoan aldaketak eskatu dituzte sindikatuek

Irati Goitia 2014ko mai. 1a, 17:23

ELA sindikatuak Bilbon egin duen manifestazioa.
ELA eta LAB sindikatuek bakoitzak bere aldetik egin ditu Maiatzaren Leheneko agerraldiak, eta CCOO eta UGTk elkarrekin egin dute manifestazioa Bilbon. Eredu ekonomikoaren aldaketa eta murrizketekin amaitzea izan dira sindikatuetatik egin dituzten eskaeretako batzuk. Euskal sindikatuetatik erabakitzeko eskubidearen alde ere egin dute.

Gure bailaran sindikatuek ez zuten agerraldirik deituta gaurko egunerako, baina hainbat mobilizaziotan parte-hartzeko deialdia egina zuten.

"Taldean lortuko dugu beste gizarte eredu bat"

ELAk autobusa antolatu du bailaratik Bilbora joateko, bertan zuten manifestazioa antolatuta-eta. "Jende asko etorri da Bergara, Oñati eta Arrasatetik, baita Euskal Herriko txoko guztietatik ere", adierazi du ELAko eskualdeko arduradun Amagoia Lasagabasterrek, mobilizazioaren ostean. Horrela, balorazioa positiboa egin du. "Antolatuz eta borrokatuz bakarrik lortuko dugu egoera honi buelta ematea. Beldurrak asko baldintzatzen du, baina kolektiboki eta taldean lortuko dugu beste gizarte eredu bat. Horixe izan da gaur  Bilbon aldarrikatu duguna", zehaztu du ELAko ordezkariak.

"Erabakitzeko eskubidearen alde"

LABek 28 mobilizazio zituen deituta Maiatzaren Lehenerako Euskal Herriko zazpi herrialdeetan zehar, horietako bat Eibarren. Hain zuzen, bertara joateko deia zuten egina eskualdeko LABeko ordezkariek. "500 pertsona inguru elkartu gara Eibarren. Iaz baino jende gutxiago, zubiak zeresana izan duela uste dut. Hala ere, pozik gaude eta balorazio positiboa egiten dugu", adierazi du LABeko Debagoieneko ordezkariak. Egungo egoera ekonomikoa salatzeaz gain, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena ere egin dute. Zehazki, langileek eredu ekonomikoa zein Euskal Herriak herri bezala erabakitzeko izan behar lukeen eskubidea aldarrikatu dute. Hain zuzen, Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan izan da aukeratutako leloa.

"Jendea ez dago isiltzeko moduan"

CCOO eta UGT sindikatuek Bizkaiko hiriburuan egin dute mobilizazioa, elkarrekin. Deialdi honetara ere autobus bat irten da Debagoienetik. "40 lagun inguru joan gara bailaratik. Bilbon, berriz, 20.000 pertsona inguru batu gara. Balorazio positiboa egiten dugu", zioen Bilbotik bueltan Iago Reimundezek, Arrasateko CCOOeko kidea. "Murrizketekin amaitzea eta lan-hitzarmenen alde egitea izan dira egin ditugun eskaeretako batzuk. Jendea ez dago isiltzeko moduan, eta parte-hartzea handia izan da".

CCOO eta UGT manifestazioa

CGT, ESK, Soliradi, CNT eta STEE-EILAS, Iruñean

Iruñean batu dira sindikatu txikiak: elkarretaratzea egin dute lehenik, eta manifestazioa segidan. Gobernuaren politiken aurrean "bizi-baldintza duinak" aldarrikatu dituzte, baita "lanaren eta aberastasunaren banaketa" ere.

Krisiaren aurrean Gobernuak hartutako neurriek "zatiketa sozial handia" eragin dutela salatu dute, "aberatsak aberatsagoak direlako, eta pobreak pobreagoak". "Aski da" esateko unea da, euren esanetan, eta "esnatzera eta behetik borroka egitera" deitu dituzte herritarrak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak