Langileen Nazioarteko Eguna da gaur, Maiatzaren Lehena. Hala, langile eta sindikatuak kalera irtengo dira euren aldarrikapenak egitera, besteak beste, euren eskubideen defentsan.
Aldarrikapenerako eguna
"Langileek errendibikazioak egiteko erabiltzen duten eguna da Maiatzaren Lehena. Lan-gatazka ezberdinetan dauden langileen aldarrikapenak bateratzeko aukera ere ematen du, gainera", adierazi du LAB sindikatuko eskualdeko arduradun Jose Ramon Kortabarriak.
Bestalde, ELAko eskualdeko arduradun Amagoia Lasagabasterrek dio langile klasearen borroka eguna ere badela: "Batzuek diote langile klasearen borroka beste garai bateko kontua dela edo zaharkituta gelditu dela. Ameriketako Estatu Batuetako pertsonaia aberatsenetako batek esan zuen orain gutxi, ordea, klase borroka oraindik ere existitzen dela eta beraiek (enpresariak) dabiltzala irabazten. Enpresa da eremurik antidemokratikoena eta hori orekatzeko modu bakarra klase borroka da. Maiatzaren 1a borroka hori kalera ateratzeko eguna da".
CCOO sindikatuko Debagoieneko arduradun Julian Feok dio langileendako data enblematikoa dela gaurkoa eta langileek kalera irten beharko luketeela: "Egoera den modukoa izanda, langileek aldarrikapenak egitera irten beharko lukete. Gure herrietako kale guztiak bete beharko genituzke. Gizartearen segmentu handi bat miseriara eta pobreziara daramaten austeritate politiken aurka, inoizko erantzunik handiena bilakatu beharko litzateke gaurko eguna".
Langile borroka
Maiatzaren Lehenaz haratago, baina, nola dago mugimendu sindikalista? Langileak irteten al dira kalera? Egiten al dute bat sindikatuen aldarrikapen eta deialdiekin?
Hiru sindikatuetako ordezkariek ez dute zalantzarik. "Guk ez dugu borroka sindikalistaren galera bizi. Guk egunero egiten ditugu hitzarmenak enpresetan. Uste dugu borroka indartsu dagoela. Egia da erreformek borroka moduak aldatu dituztela, baina gure aldarrikapenek berdintsuak izaten jarraitzen dute", dio Lasagabasterrek.
CCOOko ordezkariak ere ez du uste langile borrokak behera egin duenik: "Inoiz baino lan-gatazka gehiago daude eta langileek borroka dinamika garrantzitsua daramate aurrera egun. Horren adibide da hainbat greba orokor ere egin direla azken urteotan". Gaineratu du egungo protestaldien emaitzak ez direla berehalakoak: "Arazoa da emaitzak ez direla lehengo azkartasunez iristen; izan ere, arazoaren dimentsioa orain arte ezagutu ditugun gainerako arazo guztiak baino askoz handiagoa da. Horregatik, oso garrantzitsua da langile kolektiboaren eta gizartearen indarrak dosifikatzea, borroka ez dadin frustrazio bilakatu".
Ildo beretik mintzo da LABeko Kortabarria ere: "Une latzak diren arren, langileek badakite noiz irten behar duten. Euskal Herrian mobilizazio ugari egin dira azken urteotan. Egia da, ordea, kasu batzuetan beldurra nagusitzen dela. Langileak zatituta eta beldurtuta egotea izaten da botere ekonomiko eta politikoaren nahia. Esango nuke, baina, sindikalgintza egoera onean dagoela une honetan".
Beldurraren diziplina
Beldurra zeri? Krisiaren beldurrez errazago onartzen ditugu soldata jaitsiera edo lan-baldintza kaskarragoak, langabezian ez egotearren, adibidez? "Badaiteke, batzuetan, sentsazio hori izatea. Izan ere, langabezia oso diziplina gogorra da eta beldurra eragiten du. Langabezia datuak ematen direnean, ez dira zein gaizki gauden esateko bakarrik ematen ezagutzera; baizik langabezian edonor geldi daitekeelako ohartarazteko. Esaten digute soldatak jaitsiz gero langabezia tasak behera egingo duela. Hain zuzen, aldaketak egin dituzte erreformaz erreforma langabezia jaisteko helburuarekin; emaitzarik ez dugu ikusten, ordea. Are gehiago, Euskal Autonomia Erkidegoan %17ko langabezia tasa dugu, sekula baino altuagoa. Beraz, emaitzarik ez da lortu, baina diziplina modura erabiltzen da: beldurra sartzeko. Ez dut uste jendea ideologia galtzen dabilenik edo borrokarako nahia galdu duenik. Gobernuak eta botere ekonomikoak ondo darabilten diziplina da hori", dio Lasagabasterrek.
Kortabarria zatiketaz mintzo da: "Enpresariek zatiketa bilatzen dute. Eurek ikusten dute jendea organizatuta eta lotuta dagoen lantokietan edo komiteak daudenetan, nekezagoa dela beraien helburua lortzea. Euren nahia da harreman horiek apurtu eta langileak bakartuta egotea. Horrela, euren helburuak hobeto lortzen dituztela argi ikusi dutelako. Izan ere, bakardade horrek ekartzen dio langileari beldurra eta nora-eza. Bide horretan, sindikatuen gainetik pasa behar dutela ikusi dute eta propaganda erabiltzen dute. Sindikalismoaren aurka izugarrizko kanpaina latzak bultzatu dira, batez ere, botere ekonomiko eta politikotik".
Feok dio, bestalde, jendeak muturreko egoeretan egin behar izaten dituela aukeraketak: "Dugun langabezia tasarekin, ezarritako lan-baldintzak onartu besterik ez dute izaten, batez ere, sindikatuen presentziarik ez dagoen enpresetan. Jendea eta langileak organizatu gabe daudenean gertatzen dira gehiegikeria horiek. Horregatik, bizi dugu mugimendu sindikalistari aipua kentzeko inoizko erasoaldirik handiena".
Lasagabesterrek honakoa ere gaineratu du: "Borrokari kolektibotasun kutsua eman behar zaio. Denek jakin behar dute ez daudela bakarrik. Izan ere, azkenean, enpresariek erlazio berri batzuk eraiki nahi dituzte: kontratu indibidualak. Langilearekin berarekin bakarrik hitzartzea zenbat lan egingo duten eta ze soldataren truke".
Zatiketa
Langileen batasuna bai, baina sindikatuen arteko loturaz ere hitz egin dute sindikatuen ordezkariek. "Tamalez, mugimendu sindikala bananduta dago. Hori guztiok dakigu. Bizi ditugun erasoei modu bateratuan aurre egiteko aukera historikoa galtzen gabiltza. Organizazio bakoitzak aztertu beharko du bere erantzukizuna batasun honen faltan. Izan ere, langileen gehiengoak erreklamatzen du batasun hori". CCOOko ordezkariak gaineratu du lan-hitzarmenak lortzea zaildu egiten duela sindikatuen zatiketa horrek.
Kortabarriak ere hartu du ahotan batasun falta hori: "Ados gauden alorretan, batasun bat eskaini behar diegu langileei". Adibide bezala gutun soziala jarri du. Bertan, haren esanetan, sindikatu eta eragile sozialak batzeko ariketa egin da.
Iraganeko lorpenak
"Lanpostuen suntsiketa, babes sozialaren murriztea, lan-hitzarmenen gabezia, soldaten jaitsiera, gutxieneko soldata interpertsonala izoztea...", aipatzen ditu azken urteotako galera bezala Lasagabasterrek. "Gure aurrekoek borrokaz eta lan handiz lortutako eskubide guztiak galtzeko zorian gaude", dio Kortabarriak. "80ko hamarkadan, kaleratzeen aurreko babesa eta lan-baldintzak egungoak baino hobeak ziren. 30 urte egin baditugu atzera, imajinatu horiek errekuperatzeko zenbat pasa beharko diren", zehaztu du Feok. Hiruen iritziz langileen arteko organizazioa eta indar korrelazioa beharrezkoa da horri guztiari aurre egiteko.