Bergarak eta Antzuolak ez zuten ezer positiborik atera Donostia aldera egindako bisitetatik. Bergarak 3-0 galdu zuen Touringen aurka; Antzuolak, berriz, 4-0 Berioren kontra.
Bergararen kasuan, Aitor Arrate entrenatzailearen arabera, klabea izan zen husnako berdinketarekin Jokin Baltzategik penalti bat huts egin izana. 0-1ekoa izan behar zena 1-0ekoa bihurtu zen laster, Touringen kontraeraso baten. Atsedenaldira 1-0 heldu ziren. Bigarren zatian bi taldeak aritu ziren nor baino nor gehiago, baina donostiarrek 2-0ekoa egin zuten falta baten, buruz.
Gero bergararrek izan zituzten aukerak 2-1ekoa lortzeko baina ez zuten asmatu. Partiduaren hondarrean heldu zen 3-0ekoa, korner baten: "Esku hutsik goaz Bergarara. Bagenuen esperantza zerbait positiboa ateratzeko baina ezin izan dugu ezer egin. Hasierako penaltia huts egin izana klabea izan da, baina ezin zaio horri erreparatu. Galdu egin dugu, ez dago aitzakiarik", dio Bergarako entrenatzaile Aitor Arratek.
Berioren zelaia, oso gaizki
Berio eta Antzuolaren arteko partidua "erabat" baldintzatu zuen futbol zelaiaren egoerak, Antzuolako jokalari Julen Aranbarrik azaldu duenez: "Zelaia oso txarto egon da, ezinezkoa zen jokatzea".
Nahiko ondo hasi ziren antzuolarrak baina penalti baten 1-0ekoa egin zieten eta gero, kontraeraso baten, 2-0ekoa. Bigarren zatian heldu ziren etxekoen gainerako bi golak. Zelaiaren egoerak ez zuen jokatzen utzi eta Beriok izan zituen aukerak aprobetxatu zituen hiru puntuak eramateko: "Jokoa etenda egon da askotan; atzealdeko urruntze guztiak kanpora egin behar ziren, bestela baloia hilda gera zitekeen aurrelariarendako", gogoratu du Aranbarrik.
Antzuolak lehen zatian izan zuen aukeraren bat, baina garbirik batere ez.