Arrasate Aratustea ospatzen ari zen bitartean Mondrate taldeko mutilek Arrikitaun Rinconzito Andaluz taldearen bisita izan zuten Musakolan. Etxekoen garaipenarekin (2-0) amaitu zen norgehiagoka. Partidu berdindua izan zela dio Jon Zabala entrenatzaileak, eta egia da Arrikitaunekoek ez zutela ezer oparitu baina arrasatearrak gehiago izan ziren bai markagailuan bai kantxan.
Partidua hasi eta berehala egin zuen lehenengo gola Mondratek. Xabier Gorroñogoitiak egin zuen eta hasiera ezin hobea izan zen taldearendako. Bigarren zatiaren erdialdean etorri zen bigarren gola. Jonatan Rasok egin zuen.
Goiko postuei eustea helburu
Ez doakio gaizki Mondrate taldeari. Lagunartean sortutako taldea da, eta hauxe du lehenengo denboraldia. Areto futbolean aritutako jendea da tartean, baina beste batzuendako lehenengo esperientzia da kirol modalitate horretan. Hala ere, taldeak tamaina hartu dio txapelketari, eta sailkapeneko bigarren postuan da, liderraren puntu kopuru berdinarekin. Kontuan izanda lehenengo lau taldeek jokatuko dutela igoera fasea, eta bi lehenengoek jokatuko dutela etxean, Zabalak postu horri eutsi nahi dio nola edo hala. Txapelketako ligaxkak luze jo dezake oraindik. Bederatzi norgehiagoka gelditzen zaizkio Mondrate taldeari, eta finkatutako helburua ez da nolanahikoa.Zapatuko jokalariak izan ziren Xabier Gorrogogoitia, Alain Sanchez, Jon A. Kerejeta, Achraf Belmaaroufi, Josu Uribarren, Brian Fernandes, Joseba Palacios, Beñat Arabaolaza, Xabier Lasaga eta Jonatan Raso.