Lehen laurdenetik aldea hartu eta MU-k ez dio aukerarik eman Goierriri

Julen Iriondo 2014ko mar. 2a, 19:40
Mikel Arejolaleiba, erasoko jokaldian.
Arrasatearrek sendo jarraitzen dute bigarren postuan, Bide Bide Donostirengandik garaipen bakar batera. Sailkapenean dagoen aldea –lau garaipen baino ez ditu Goierrik– agerian geratu zen egubakoitz iluntzean Iturripen jokatutako partiduan.

MU-k lehen laurden ona egin ez zuen arren, hamar minutu horiek pasata bederatzi puntuko errenta bazuen, eta bi taldeen arteko distantziak gora eta gora egin zuen neurketa osoan etenik gabe.
Lehenengo laurdenean ez zuten defentsa gogorrik egin arrasatearrek, eta bai akats ugari erasoan. Kanpokoek jarritako erritmora jokatu zen partidua, motel, eta horrek ez zion mesederik egin Josu Larreategik zuzentzen duen taldeari. Ez zeuden gustura kantxan.


Bigarren laurdenean hasi ziren, ordea, kontraerasoan eta trantsizioak bizkor egiten, eta hortxe hasi zen, markagailuaz gain, jokoa ere etxekoen aldera erortzen. Errebotean nagusi izan ziren –43 lortu zituzten, 11 erasoan; Goierrik 26 baino ez–, eta min asko egin zuten kantxa osoan egindako presioaren bitartez ere. Baloi asko lapurtu zituzten, eta saskiratze erraz ugari lortzeko modua izan zuten horrela. Kanpokoek konfiantza dena galdu zuten, eta bigarren laurdenetik aurrera ez zen lehiarik egon.


Jokoaren alor guztietan nagusitu zen Mondragon Unibertsitatea, baina, beste batzuen artean, kontraerasoen eta baloi galtzeen datuak esanguratsuak dira: aurkariak galdutako baloien ondorioz 17 puntu egin zituen MU-k eta 2 besterik ez Goierrik; kontraerasoan, berriz, 22 batzuek eta 6 bakarrik besteek.

Ander Atxaren itzulera

Garaipenaz gain, beste albiste on bat ere utzi du jardunaldi honek MU-rentzat. Denboraldi hasieratik atzerrian egon eta gero, Ander Atxa taldean da eta berriro. Josu Larreategik pozik hartu du haren itzulera: "Intentsitate aldetik oso jokalari ona da, sasoian ez egonda ere dena ematen duena".
Asteburuan ez du partidurik izango Arrasateko taldeak; bi aste barru ekingo dio berriro lehiari, ligako azken heren erabakigarria hasiz. Sailkapeneko zuloan dagoen Construcciones Aranaren kantxan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak