Mondrako neskek galdu izana ez da albiste denboraldi honetan. Sailkapenari begiratzearekin batera argi eta garbi uler daiteke: arrasatearrek ez dute puntu bakar bat ere lortu 19 partidutan –150 gol jaso dituzte–.
Aurreko denboralditik honakora eman diren aldaketen ondorioz, 2013-2014 denboraldia trantsiziorako urtea dela hasieratik daki taldeak. Baina hori jakinda ere, ez da erraza jardunaldiz jardunaldi aurpegia ematea.
"Oso pozik gaude"
Beraz, zapatuan lider moduan heldu zen Athleticen aurka 0-4 galdu izana poztekoa ere bada: "Bi taldeen artean dagoen aldea ikusita, oso pozik gaude. Futbol zelaian ondo kokatuta egon dira, azkenera arte borrokatu dute. Gure jokalariak zoriondu gura ditugu egin duten lanagatik", adierazi du entrenatzailearen laguntzaile Andoni Ezkurrak.
"Beste itxura bat"
Azken bi partiduetan ez dituzte gol larregi jaso: "Aurreko jardunaldian 0-2 galdu genuen eta azken minutura arte lehian aritu ginen". Ezkurraren arabera, taldea "poliki-poliki" neurria hartzen ari zaio eurena ez den maila bati: "Badakigu partidu guztiak gogorrak izango direla, gu baino hobeak diren aurkariak izango ditugula aurrean. Beste itxura bat hartzen ari da taldea, jarrera aldetik asko aldatu da. Aurkariei ahalik eta zailtasun gehien jartzeko ari gara lanean".