Bi aste baino ez dira falta Pentekosteak hasteko, eta ohi baino bereziagoak izango dira jaiak lehen hitzordutik. San Martin plazako obrak direla eta, Oxirondoko aparkalekuan kokatuko da Bergarako Udalaren eta Xaxau Jai Herrikoien Konpartsaren jaigune bateratua, eta maiatzaren 22an, 20:00etan, Lokatza Ziklismo Eskolak botako du txupinazoa. Lokatzako ordezkari Martin Etxeberriak adierazi du "sorpresaz" hartu dutela albistea: "Eskertzen diogu jai batzordeari eta Udalari gurekin gogoratzea. Bergarako jaietan halako ardura izatea garrantzitsua da".
Bitorianatxok ere ez du festa galduko, eta Oxirondoko oholtza nagusira jaitsiko da Santa Marinako kanpandorretik. Horri lotuta, 90 herritarrek ere izango dute aukera egun batez Bitorianatxo izateko, maiatzaren 26an. "Emozioen tirolina izango da, baina pertsonei zuzenduta. Pertsonek lehen eskutik bizipen hori izango dute, eta Bitorianatxoren ibilbidea errepikatuko dute. Kasu honetan, oholtza nagusira jaitsi barik, Katabia plazara", dio Bergarako Udaleko teknikari Zaloa Bernalek. Parte hartzeko izena eman behar da bergara.eus atarian.
Jaigune nagusia Oxirondon kokatuko bada ere, Ariznoa plaza eta Espoloia ere izango dira festetako hainbat hitzorduren bilgune. Udalak jakinarazi du jaiak antolatzeko aurrekontua 170.000 eurokoa izan dela.
Ohiko osagaiez gain, protokoloa
Xaxau Jai Herrikoen Konpartsak txosnagunea Bideberritik Oxirondora mugituko du. Ohiko hitzorduak izango ditu haien egitarauak, baina iruditegi berria aurkeztu zuten joan den astean: "Aurrekoa zaharkitua zegoen, eta Mikel Aginagalderi eskatu genion berria egiteko. Jendeari gustatu zaio, eta pozik gaude emaitzarekin". Ekintzen artean, astelehen gaueko karaokea moldatu eta Egin kantu izenarekin aurkeztu dute, eta izena eman behar da parte hartzeko.
Horretaz gain, Xaxauko kide Andrea Gonzalezek gaineratu du erasoen aurkako protokolo propioa izango dutela: "Xaxauko kide batzuek prestatu dute, baina konpartsako kide guztiok badakite zelan jarri martxan eta zelan kudeatu".
Musika-hitzorduak, Oxirondon
Kontzertuak izango dira protagonista Oxirondoko jaiguneko bi oholtzetan. Oholtza nagusia azokaren aurrean, aparkalekurako sarreran, jarriko dute, eta Xaxaurena, parean. Jaietako lehen egunean, oholtza nagusian, etxeko talde Brigade Locok jarriko du giroa, eta maiatzaren 23an Neomak taldearen txanda izango da. Domekan, Anje Duhaldek joko du, eta Bitorianatxoren igoeraren aurretik Mugi Pandero Erromeria izango da entzungai. Xaxaurenean, berriz, maiatzaren 21ean, No Limits eta Sedientos de Cumbia izango dira; zapatuan, Kiliki; eta astelehenean, Malko eta Marte Lasarte. "Uste dugu bi eszenatokiak beteko direla eta txosnagune oparoa izango dela", dio Xaxauko kide Gonzalezek.
BMSren salaketa
Bergarako Mugimendu Sozialistak sare sozialetan salatu du Udalak ez diela "inolako aukerarik eman" Oxirondon kokatuko den jaigunean parte hartzeko, ezta beste leku batean txosna jartzeko ere: "Inolako irtenbiderik gabe utzi gaitu". Duela lau urte jarri zuten txosna lehendabiziko aldiz, eta Udalaren jarrera salatu dute: "Aukera berdintasunetik oso urrun, interesatzen ez zaizkion proposamenak, ideia politikoak zein beharrak ditugun gainontzekoei txosnagunean parte hartzeko aukera ukatzen digu". Gehitu dute zozketa bidez kudeatu ohi den txosna ere ez dagoela erabilgarri: "Onartezina iruditzen zaigu Udalak, instituzio publikoa izanik, interes partidisten arabera erabiltzea baliabidea publikoak". Hala ere, adierazi dute "oztopoak oztopo" txosna izango dutela, eta borrokan jarraituko dutela "guztiontzako txosnagunea izan arte". Asteburuan aurkeztuko dute egitaraua. Udalari gaiari buruz galdetuta, ez du adierazpenik egin nahi izan.
'Bergara Gara', jaietako kartela
Maddi Martin Olaskoagak egindako Bergara Gara da 2026ko Pentekosteetako kartela. "Pozez" hartu du albistea; izan ere, parte hartu duen hirugarren aldia izan da eta lehendabiziko aldiz irabazi du: "Aurten ez neukan esperantza handirik. Lan pila aurkeztu dira. Denak oso bereziak, eta jaiak ondo irudikatzen dituzten horietakoak".
Kolorez betetako kartela da, eta Bergarako pertsonaiei eta jaietako ekintzei garrantzia eman nahi izan die, hala nola Bitorianatxo, Felixin eta Guti eta Bergarako erraldoiak ikusi daitezke; baita baltsa-jaitsiera eta zezenak ere. Eta, nola ez, herritarrak. Udalak adierazi du kartel lehiaketak herritarren boto-presentzia handia izan duela; guztira, 356 boto jaso dira.

Jardunen marrazki eta lelo lehiaketa
Jardun Euskara Elkarteak Pentekosteetako zapirako marrazki eta lelo lehiaketa antolatu du. Epaimahaiak jasotako lanak baloratu ditu eta 12 urtetik beherakoen artean Xune Juaristi izan da irabazlea; 12 urtetik gorakoetan, berriz, Paulo Garitano. Aurtengo leloa, berriz, Bete daigun goraino jaixa euskaraz izango da.
Jardutenik adierazi dute guztira, 151 marrazki –12 urtetik beherakoak: 136; 12 urtetik gorakoak: 15– eta 20 lelo.
