Jaietako egitaraua eta irudi berria aurkeztu ditu Xaxau Konpartsak

Mireia Bikuña 2026ko apirilaren 30a

Anje Duhalde, Neomak, Brigade Loco, Malko, Kiliki, Marte Lasarte eta beste hainbat egongo dira maiatzaren 21etik 26rako jaietan. Era berean Xaxau birusaren irudi berria aurkeztu dute, Mikel Aginagalde Aginowsky bergararrak egindakoa.

Bergarako Irala kalean aurkeztu du Xaxau Konpartsak herriko jai nagusietarako egitaraua. Askotariko ekintzak egongo dira, Udalarekin batera partekatuko duten ezenatokian: Oxirondo plazan. "Leku berrian egongo gara, baina eskatu behar dizuegu Oxirondo zaintzeko, bizilagunak errespetatzeko eta norberak sortutako zaborra ondo kudeatzeko. Guztion ardura da jaiak ondo pasatzea eta disfrutatzea". Era berean, azpimarratu dute, ez dutela "inolako erasorik onartuko", eta alde horretatik, lehenengoz, erasoen kontrako protokolo bat osatu du Xaxauk. "Orain arte Martxanteren eskutik joango gara, baina aurten, gurea osatu dugu",  esan dute.

Irudi berria

Egitaraua aurkezteaz gain, Xaxau Konpartsak izango duen irudi berria erakutsi dute. Puzzle eran osatu dute. Urdin kolorekoa da eta Xaxau birusa da protagonista. "Aurrekoa zaharkitua zegoen eta Mikel Aginagalderi eskatu genion berria egitea. Jendeari gustatu zaio, eta pozik gaude emaitzarekin".

Xaxau Konpartsaren egitaraua

Maiatzak 22

  • 15:00etan, ikasle bazkaria
  • 18:00etan, frontenis txapelketaren finala Boluan, Ustekabe txarangak girotuta. Ostean, kalejira txosnagunera
  • 20:30ean, DDX
  • 22:00etan, Brigade Loco, No Limits, Sedientos de Cumbia, DJ Berdejo; eta irrintzi eta balukoi txapelketa
  • 06:30ean, berakatz zopa jana
  • 07:00etan, Patxangoi elektrotxaranga

Maiatzak 23

  • 15:00etan, preso eta iheslarien aldeko bazkaria, eta Anuk eta Eleneren kontzertu akustikoa
  • 19:00etan, Palestinarekin elkartasuna, Irala kalean
  • 19:30ean, guateke more ibiltaria, Iralatik hasita
  • 22:00etan, Neomak, Kiliki eta Sutargi erromeria
  • Ostean, sokasalto herrikoia eta aho-korapilo lehiaketa

Maiatzak 24

  • 12:00etan, familiendako egurrezko jolasak
  • 15:00etan, bertso-bazkaria, Onintza Enbeita eta Ane Labakarekin
  • 15:30ean, Makendo
  • 19:30ean, Anje Duhalde
  • 21:00etan, Zartadia podcast-a zuzenean
  • 21:30ean, afaria
  • 22:30ean, korto-lehiaketa

Maiatzak 25

  • 11:30ean, baltsa jaitsiera
  • 19:45ean, sari banaketa
  • 20:00etan, Trikidantz erromeria
  • 23:00etan, Malko eta Marte Lasarte
  • 03:00etan, Egin kantu!

Maiatzak 26

  • 17:30ean, Lagunekin topa!, Potx eta Lotxekin
  • 20:00etan, Mugi Panderoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak