Ibargarai berriro urbanizatzeko lanak, maiatzetik urte bukaerara

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urt. 21a, 17:03

Ibargarai kalearen 4 eta 14 zenbakien arteko eremua, Migel Altuna zaharraren eta seminarioko patioaren pareko kale-zatia alegia, berriro urbanizatzeko proiektua lizitazio fasean dago eta obrak maiatzean hasiko dira; lanek sei hilabete irautea aurreikusten dute. Abuztuan ur-hoditeria apurtu zen bertan eta hortik eratorritako proiektua da BEB enpresak idatzi duena. Obrak 450.000 euroko aurrekontua du, eta ez dago diru-laguntzarik.

Abuztuan izandako matxura baten ondorioz ur-hoditeria apurtu eta arazo horri behin-behineko konponbidea eman zion Bergarako Udalak herritarrei "ahalik eta kalte txikiena" eragiteko: "Behin betiko konponbideak lanketa sakona eskatzen zuen. Horregatik itxaron behar izan da, Ibargaraiko tramu horretan esku-hartze integrala egiteko". Horregatik, Udalak bertako ur-hoditeria berritu eta 4 eta 14 atarien arteko tramua erabat berriro urbanizatzeko proiektuaren idazketa esleitu zuen. BEB Arkitektura enpresak idatzi du proiektua eta dagoeneko lizitazio fasean dago.

Eragozpenak ekiditea "ezinezkoa"

Kokalekua eta egungo trafiko eta oinezko fluxua ikusita, Udal Gobernuak aitortu du eraginak ekiditea "ezinezkoa" izango dela. Hori bera helarazi dute atari horietako presidenteekin eta kale zati horretan negozioa duten merkatariekin atzo, urtarrilak 20, egindako bileratan. "Duda barik, halako obra bat etxe edo denda aurrean tokatzen denean kezkak sortzen dira eta horiek azaldu zizkiguten. Batez ere obrek iraungo duten denbora tartea da haien kezka; ahal dugun heinean saiatuko gara obra euren beharretara egokitzen. Hala ere, uste dut ulertzen dituztela obra egin ostean inguru osoan emango diren onurak", esan du Gorka Artola alkateak. Ahalegin bereziak egingo ditu Udalak etxeetarako eta dendetarako sarbideetan –horiek beti bermatu beharko dituzte– eta kokalekua zein den jakinda "are gehiago", oinezkoen eta ibilgailuen trafikoa bermatzen saiatuko dira.

Lanak etxebizitzen aldean

Lanen artean dago ur-hornidura eta kanalizazioa erabat berritzearena eta euri-urak jasotzeko sistema eraberritzearena. Lan horiek guztiak egingo dira eraikinen aldean, eta interbentzioak izango dira etxebizitzen ondoan, aparkalekuetan eta galtzada zati batean. Gainera, espaloiaren jatorrizko neurria 15 zentimetro zabalduko da, eta irisgarritasuna hobetzeko tramu horretako atari eta negozio bakoitzaren sarrerak aztertu dira banan-banan. Gaur egun eraikinaren aldean dauden aparkalekuak, hogei inguru, desagertu egingo dira.

Lurpeko parkingarekin zerikusirik ez duen proiektua

Argitu beharra dago obra honek ez duela zerikusirik aurreko agintaldian seminarioko patioa eta Ibargarai berriro urbanizatzeko aztertu ziren aukerekin. Parkingaren proiektuaren esleipen prozesua eten egin zuen gaur egungo Udal Gobernuak, Mugikortasun Plana amaituta izan arte.

Amillaga ere berriro urbanizatuko dute

Ibargaraiko proiektuarekin antzekotasun nabarmenak ditu Amillaga kalea berriro urbanizatzeko proiektuak. Amillagan ere, Ondartzako biribilguneen eta Ernai kalearen artean, ur saneamendua eta espaloiak berrituko dituzte, eta irisgarritasuna hobetuko dute. Baita gaur egungo autobus geltokia herrigunetik 77 metro urrundu ere; hain zuzen, erabaki hori ez zaio gustatu EAJri.

Autobus geltokia Amillaga kalean;  77 metro urrunduko dute, saihesbideranzko norabidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak