Udal Gobernu berriak ez du aparkalekurik eraikiko Seminarioko patioan mugikortasun plana eginda izan arte. Aukera ezberdinak aztertuko dira ezer eraikitzen hasi aurretik. "2017ko aurrekontuetan, aparkalekuen inguruko azterketaren emaitzak izan gabe eta mugikortasun plana esku artean izan gabe hartu zen seminarioko lur azpiko aparkalekuarekin aurrera egiteko erabakia. Bestelako aukerak ere ez ziren aztertu", esan du Gorka Artola alkateak erabakiaren berri emateko gaur egindako prentsa agerraldian.
Artolak gaineratu du aparkalekuaren azterketaren eta mugikortasun planaren emaitzak jasotzen dituen dokumentuak izan barik ezin dutela halako erabakirik hartu: "Tamaina horretako proiektuetan ziurtasun maila osoa behar da, eta bi dokumentu horiek esku artean izatea ezinbesteko baldintza".
Miguel Altuna berriaren eragina
Hori horrela, martxan zegoen esleipen prozesua etetea erabaki du gobernuak: "Horrek ez du esan nahi aparkaleku beharrei irtenbidea emateko pausoak bertan behera gelditzen direnik". Bide horretan, datozen hilabeteetan jarraituko duten plangintzaren berri eman du Gobernuak. Batetik, aparkaleku beharraren errealitate berrira egokituko dute; izan ere, irailaren 1etik aurrera martxan egongo den Miguel Altuna Lanbide Heziketaren egoitza berriak aldaketak eragingo ditu herri barruko mugimenduetan. Horrez gain, aparkaleku aukerak aztertuko dituzte, mugikortasun diagnostikoa osatuko dute eta mugikortasun plan berria garatzen hasi. "Hain zuzen, gure asmoa da etorkizuneko pausoak herritarrekin eta oposizioarekin batera ematea".
Aurreko gobernuaren proiektua
Gaur publiko egindako erabakiarekin, aurreko gobernuaren "proiektu izarra" zena eten egingo da. EH Bilduk EAJri esan izan zion agintaldian zehar proiektuak azterketa sakonago bat behar zuela; hauteskundeen ostean, Elena Lete alkate ohiak esan zuen parkinga lehenbailehen ez egitea galera izango litzatekeela Bergararentzat.
Kolektore berrirako lan batzuk egiteke
Aste Santu aurretik hasitako ur kanalizaziorako lanak ez dira erabat bukatu oraindik. Uztailean eta abuztu hasieran lanean jarraituko dute, baina obra guztia ez dute opor sasoian amaituko. Alkatearen arabera, irailean lan batzuk egin beharko dira Telefonicaren eraikinaren inguruan, Herrilagunak kalean. "Lanik zailenak abuztuan egiten saiatuko gara, ahalik eta afekzio gutxien eragiteko ikasturte hasieran".
Mugikortasun diagnostikoari dagokionez, zirriborroa eginda dago, baina Miguel Altuna berriak izango duen eragina islatuta geratzea nahiko lukete aparkalekuaren beharra zenbatekoa den berrikusteko. "Diagnostikoa irailean ixtea espero dugu, urrirako beranduenez mugikortasun planerako kontratazioa egin eta negurako plana bukatuta izatea", gaineratu du Artolak.