Bergarako EAJ: "Gobernuak ez du garden jokatu Amillagako obran"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko abe. 21a, 09:15

EAJren udal taldeko zazpi zinegotziak, azken osoko bilkuraren une batean.

Aurreko agintalditik datorren urbanizazio proiektuan Udal Gobernuak egindako aldaketa batzuen kontra agertu dira jeltzaleak, eta aldaketok "isilean" egin dituela salatu dute; bestalde, EAJ eta PSE-EE gertu daude 2020ko udal aurrekonturako negoziazioei ekiteko.

Amillaga kalean, Ondartzako zubitik –Amillagako Eroskiren ondoan– Ernai kalera sartzeko biribilgunerainoko tartean, urbanizazio lan batzuk daude aurreikusita. Aurreko agintalditik datorren proiektua da eta lizitazio fasean dago egun; EAJk agerraldia egin du, proiektuan izan diren aldaketa batzuk salatzeko. "Lehenik eta behin, proiektu berrituan, Laino tabernaren parean dagoen autobus geltokia saihesbiderantz urrunduko dute; halakoak kontsultatu egin behar dira, eta erabiltzaileekin alternatibak bilatu. Gobernuak ez du garden jokatu Amillagako obran, aldaketak isilean onartu dituzte; gainera, ekarpenak egin nahi ditugu bergararren bizi kalitatea hobetzeko bereziki sentsibleak diren proiektuetan".

Horrez gain, jeltzaleek kritikatu dute geltokiaren lekualdaketa ez dagoela justifikatuta Mugikortasun Planean. "Era berean, aztertu beharko da elbarriendako parking bat egokitzeko aukera", gaineratu dute.

Aurrekontua negoziatzeko gertu

Bestalde, asteleheneko osoko bilkuran EAJk Gobernuari leporatu zion "hainbat gaitan" ez duela prozedura zuzena jarraitu: "Gobernuak esan zuen gardena izango zela, parte-hartzea sustatuko zuela eta adostasunak lortzen saiatuko zirela. Gaiak batzordetik pasatu gabe osoko bilkurara eramaten badira zuzenean, ezingo dugu adostasunik lortu", dio Elena Letek.

Udal aurrekontua negoziatzeko testuingururik badagoen galdetuta, Letek dio negoziatzeko prestutasuna dutela: "Bergararen alde eta gure programa defendatzeko egingo dugu lan, eta ados jartzeko aukerak egongo dira".

PSE-EEk aurrekontu "aurrerakoiagoa eta sozialagoa" nahi du

Era berean, PSE-EEko Alberto Alonsok adierazi du 2020ko udal aurrekontua "aurrerakoiagoa eta sozialagoa" izateko negoziatzeko gertu daudela eta horretarako gakoetako bat izango dela berdintasun politiketan "inbertsio handiagoa" egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak