Lasterketa azkarra izan da Gorlakoa, hasieratik bukaerara. Lehen kilometroetan hainbat ihesaldi saiakera egon dira, eta hainbatetan taldetxoak sortu dira lasterketa buruan. Gorlako lehen igoeran ere hamarreko taldea zegoen buruan. Atzetik, minutu eta erdira, tropela; eta atzerago, txirrindulari asko. Sufritzen. Ezinean.
Gorlatik behera, Caja Ruralek hartu du lasterketa kontrolatzeko ardura, eta aurretik zegoen taldea harrapatu egin dute Aizpurutxora heldu aurretik. Zumarragatik Bergarara ere abiadura handiz egin zituzten kilometroak.
Urtero moduan, Gorlako bigarren igoeran erabaki da lasterketa. Hamarreko taldeak hasi du igoera lasterketa buruan, tartean Jonathan Lastra irabazlea. Igoera hasi eta 200 metrora Lizarteko txirrindulari batek erasoa jo eta atzetik irten da Lastra. Biek metro batzutako tartea zabaldu dute, eta orduan egin du aurrera Caja Ruraleko ziklistak. "Azken metroak oso luzeak egin zaizkit. Ez nuen erreferentzia zehatzik eta asko sufritu dut, baina orain oso pozik nago", esan du saria jaso ostean.
Jonathan Lastrak berak irabazi du mendiko saria eta Caja Ruralek taldekako saria.
Garateri omenaldia
Sari banaketa hasi aurretik, omenaldia egin dio Lokatza ziklismo taldeak Juanma Garateri. 1988an eta 1989an Gorlako Igoerak irabazi zituen irundarrak eta profesional mailarako saltoa eman zuen. Iaz, lasterketaren 40. urteurreneko ekitaldietan ezin izan zuen egon, eta oraingoan ez du hutsik egin.
San Martin plazan berak eman dio hasiera lasterketari. Gorlan, oparia jaso du Lokatzeko presidente Jon Unamunoren eskutik. "Gorla berezia izan da niretzat. Gaur zirrara handia nabaritu dut, batez ere, Gorlara heldu naizenean. Hunkituta nago eta eskerrak eman gura dizkiet Lokatzakoei, nerekin, beti izan duten begirunearengatik. Eskerrik asko", esan du Garatek.
Gorlako Igoerako sailkapena
01. Jonathan Lastra (Caja Rural)
02. Jaime Roson (Caja Rural)
03. Julen Amezketa (Baque)
04. Victor Etxeberria Caja Rural)
05. Cristian Rodriguez (Caja Rural)
06. Hector Carretero (Lizarte)
07. Sergio Martin (Bicicletas Rodriguez)
08. Alain Santamaria (Telco)
09. Eduardo Llacer (Telco)
10. Jokin Etxabe (Seguros Bilbao)
Debagoiendarren sailkapena
10. Jokin Etxabe (Seguros Bilbao)
21. Iker Eskibel (Infisport)
28. Beñat Etxabe (Seguros Bilbao)
32. Asier Taboada (Debabarrena)
54. Alex Aranburu (Infisport)