Bergararrak izan dira markagailuan aurretik ia uneoro, eta hori garbi geratzen da lehen hiru laurdenen emaitzak ikusita: 16-11; 29-23; 35-31. Bederatzi puntuko aldea izatera ere heldu dira Jon Beistegiren mutilak. Azken laurdenean baina, arrasatearrek erreakzionatu egin dute, eta aldea murriztea lortu dute. 39-39; 40-40; 42-42; eta 44-44 berdinduta egon dira bi taldeak baina azkenean, hiru jaurtiketa libreren ostean, 44-47 bukatu da derbia.
"Partidua oso gogorra izan da, oso parekatua", esan du Juankar Davilak, Mondragon Unibertsitateko entrenatzaileak, lehia bukatu ostean, eta bere esanetan galdutako baloietan egon da gakoa: "Gu defentsan ondo ibili gara, eurek baloi asko galdu dituzte eta guk ondo erasotu dugu".
Bergararren entrenatzaile Jon Beistegirentzat, eurek egindako akatsengatik galdu dute partidua: "Kontrolpean geneukan, baina paseengatik galdu dugula uste dut... Jokalariak beldurtuta ere ikusi ditut... Baina ikasteko balioko digu, behintzat".
EBAn, arrasatearrek galdu
Mondragon Unibertsitateak Burgosen jokatu du asteburu honetako partidua Grupo de Santiago Automocion taldearen aurka, eta arrasatearrek 65-61 galdu dute. Lehia nahiko parekatua izan da. Josu Larreategiren mutilak atzetik joan dira lehen zatian, baina alde txikiarekin; bigarren zatian, bestalde, arrasatearrek erasoetan egindako akatsen ondorioz, hamalau puntugatik galtzen ere jarri dira. Azken laurdenean presionatzen hasi dira Mondragon Unibertsitatekoak, eta horrek urduri jarri ditu etxekoak burgostarrak: markagailuan bi puntura jarri dira arrasatearrak, eta eskura utzi die garaipena. Azken minutuan baina, hiruko jaurtiketa baten kale egin dute, eta aurkariek saskiratutako jaurtiketa libreei esker, Burgosen geratu dira garaipenaren bi puntuak.
Bestelako saskibaloi emaitzak
BIgarren Mailan, Natra-Oñatik 57-65 galdu du Electro Alavesaren kontra; eta Emakumezkoen Senior Mailan, Eskoriatzak 53-58 galdu du Bilintxen aurka.