Joan den uztailaren 29an egindako Diputatuen Kontseiluan erabaki zen Errege Seminarioa eta Arrizuriagaren arteko permuta gauzatu ahal izateko Bergarako Udalari 1.717.000 euroko diru laguntza ematea. Diru laguntza horri esker, Bergarako Udalak Errege Mintegia eskuratuko du, besteak beste, bertan kultura erabilera anitzeko gunea –hilabete honetan hasiko dira gune hori egokitzeko lanak eta urtea amaitu aurretik bukatuko dituzte– eta museoa kokatzeko. Hain justu ere, eraikin bien arteko diferentzia estaltzeko emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Bergarako Udalari diru laguntza hori.
Behin permuta gauzatuta UNED-eko Patronatuak bere gain hartuko ditu Arrizuriagako obrak. Hain justu ere, lan horien aurrekontua 3.288.000 eurokoa izango da eta Patronoen artean ordainduko dute, bakoitzak duen zatiaren arabera (Kutxak %26,39, Gipuzkoako Foru Aldundiak % 63,61 eta Bergarako Udalak %10). Obrak ordaintzeko, permutagatik jasotako dirua eta UNED-Bergara fundazioak onartuko duen aparteko aurrekontu bat erabiliko ditu. Gehienez ere, hiru urteko epean, UNED-a Arrizuriagan kokatuta egon beharko da.
Hurrengo urratsak
Datorren asteko ez-ohiko osokoa egingo da Bergaran eta bertan onartuko da Diputazioak planteatu duen hitzarmena. Hilabete honetan batuko da Patronatua: hurrengo pausua izango da, eraikinak eskrituratzea.
Permutaren aurrekariak
2006an utzi zion Estatuak UNED-Bergara fundazioari Errege Mintegia eta honek 2008ko abenduan erosi zuen 1.000.000 euroren truke. Erosi ondoren, Aranzadi Ikastolari utzi zion 75 urterako eraikinaren zati bat.
2009an planteatu zion Bergarako Udalak UNED Fundazioari Arrizuriaga eta Errege Mintegiaren arteko permuta baina UNEDek onartu ez, eta Errege Seminarioan oinarrizko egitura obra batzuk egitea erabaki zuen, betiere, etorkizunean Udalak eraikinari eman gura zion erabilera baldintzatu barik.
Joan den ekainaren 6an egindako Patronatuko bileran onartu zuten Errege Seminarioa Arrizuriaga jauregiarengatik permutatzea.
Udal Gobernua, pozik
Pozik agertu dira gaur Udal Gobernuko kideak permuta ahalbidetuko duen Diputazioaren diru laguntza hori dela-eta. Jaione Isazelaia alkatearen esanetan, "oso albiste pozgarria" da. Eta gaineratu du: "Lanketa luzea izan da eta ez soilik Udal Gobernu honena, izan ere, aurreko taldeak ere lan handia egin du kontu honekin. Hau da, lan luze horren emaitza".