... "Aldundiak, Markel Olano buru, irtenbide azkar eta integrala eman zien arazo guzti horiei eta Seminario eta Arrizuriagaren arteko permuta aurrera ez eramatea erabaki zuen, beharrik ez zegoelako eta lehentasuna zuten arazoei azkartasunez konponbidea eman behar zitzaielako. Aranzadi ikastolak nahiko leku izan zezan Markel Olanok, Diputazioko Gobernuaren buru zelarik, ikastolari Seminarioaren zati baten zesioa ahalbideratu zuen hitzarmen bat sinatuz.
Halaber, Ikastolak erabiltzen zituen Ipintzako espazioak San Martin eskolaren erabilpenerako geratu ziren eta Seminarioan UNEDeko instalakuntzak egokitzeko 3 milioiko inbertsioa egin zuen UNEDeko patronatuak, Diputazioak gehiengoa duelarik. Modu berean, EAJk gidatzen zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.750.000 euroko diru laguntza eman zuen Seminarioko elizan auditorioa egiteko.
Ezker Abertzaleak, Agurne Barruso alkate, gobernua eskuratu eta agintaldi osoan Seminarioan ez zen kultur instalakuntzarik egin, eta ondorioz, diru laguntza hori ia osotasunean galdu egin zuen Bergarako herriak. Aldundiak Arrizuriagan UNEDeko lanak egitera bideratu duena baino diru laguntza handiagoa zen galdutakoa.
Azpimarratu nahi dugu EAJ-PNVk ikastolak eta UNEDek zituzten arazoei irtenbide eman eta auditorioa egiteko diru laguntza emateaz gain, Arrizuriagan kultur etxea, mediateka, erabilera anitzeko gelak etab. egiteko proiektua eskatu zuen balorean jarriz, aldi berean, jauregia inguratzen duen parkea. Seminarioko eraikina modu esanguratsuan hobetu da aurretik hartu ziren erabaki irmo eta azkarrei esker; haiei esker 8 milioi inbertitu ziren moldaketa lanetan bergararrek kultur instalakuntzaz, ikastolaz eta unibertsitateaz gozatzeko aukera izan zezaten.
Titulartasuna UNEDeko patronatuarena zen, gehiengoa Aldundiak duelarik, baina eraikin honen ia erabilera osoa Bergarako herriarena zen eta da. Testuinguru honetan, Mintegia hobetzeko hainbeste inbertsio eginda, Mintegia ez da garai batean zen aurria, egungo egoera oso desberdina da. "Ze premia du udaletxeak eta UNEDeko patronatuak permuta hau egiteko eta 3 milioiko kostua duten obrak egiteko espazio arazorik ez badago, instalakuntza berriak badituzte eta horrelako inbertsio handia egitea justifikatzen duen arrazoirik ez badago?" galdegiten du EAJ-PNVk. Egoera honen aurrean, non Seminarioaren egoera bestelakoa den, eta permuta gauzatuta Bergarako herriak Arrizuriaga ondarea galduko duen, EAJ-PNVk Seminarioa eta Arrizuriagaren titulartasuna eskatu ditu Bergararentzat.
EAJ-PNVk argi du bideragarria dela Mintegiko titulartasuna eskuratzea Arrizuriagako udal ondarea galdu gabe. "Zergatik egin behar diogu uko bergararrona den harribitxi honi Mintegia berreskuratzeko?" galdegin dute. Planteamendu hau modu desberdinetara jorratu daiteke, eta ez da soilik gai ekonomikoa, borondate politikoa ere beharrezkoa da, aurreko legealdian EAJ-PNVk Aldundian erakutsi zuen modura.
Permuta honek bistan uzten du ezker abertzaleak joan den legealdian eta honetan bergarar guztiona den ondarea defendatzeko eta kultur proiektu integrala egiteko ez duela gaitasunik izan. Bildu inprobisazioz jokatzen ari da, erakundeak alderdi interesen arabera erabiliz eta akatsak eta zuloak besterik ez dituzten "ingeniaritza finantzarioak" eginez.
Atzo udalbatzan Mintegia eskuratu eta Arrizuriaga galtzeko sinatutako hitzarmenak bat ez datozen prezio finkatze kalkulu, diru laguntza eta konpentsazioak jasotzen ditu, Bilduk argi eta garbi azaldu beharko dituenak, izan ere administrazioan ez du edozerk balio, Aldundia eta udaletxea bere jabetza balira bezala jokatzen bai du ezker abertzaleak, agintean dagoen erakunde guztiekin egin ohi duen modura.
Gaur gardentasun faltaren, gaitasun ezaren eta datu eta informazioa ezkutatzearen eguna da, gaur bergararrona den udal ondare polit eta interesgarria galduko dugun eguna da".