ALBISTEAK

Gomestio baserriko egituren kontserbazioak kezka sortu du Arrasateko Zientzia Elkartean

Oier Zumarraga Aranburu

Arrasate Zientzia Elkarteak XV. mendeko baserriaren piezak Atxabalpen gordetzeko baldintzak zalantzan jarri ditu, ondare historikoa galtzeko arriskuagatik. Udalak, berriz, egiturak egoera onean daudela ziurtatu zuen ohar baten bidez.

Arrasate Zientzia Elkartea kezkatuta dago Gomestio baserriko egurrezko egituren kontserbazioarekin. XV. mendeko baserriaren piezek Atxabalpen jarraitzen dute, behin betiko kokalekua zehaztu bitartean, eta elkarteak ohartarazi du ondare historiko garrantzitsua galtzeko arriskua dagoela. Arrasateko Udalak, ordea, egiturak egoera onean daudela eta haiek babesteko hartutako neurriak egokiak direla adierazi zuen.

Gomestio baserria 2020an eraitsi zuten. XV. mendeko dolare-baserria zen, egurrezko egitura bereziki landua zuena, eta adituek harribitxitzat jo izan dute. Arrasate Zientzia Elkartearen ustez, herriko ondare historikoaren pieza garrantzitsua da, eta horregatik nabarmendu du haren egiturak behar bezala kontserbatzearen garrantzia.

Egurraren kontserbazio-baldintzak, zalantzan

Baserria eraitsi aurretik, egurrezko piezak banan-banan desmuntatu eta dokumentatu zituzten. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Agorregin duen biltegira eraman zituzten, aztertzeko eta tratatzeko. Iazko urte amaieran Arrasatera itzuli zituzten, eta urtarriletik Atxabalpen daude, behin betiko kokalekua zehaztu bitartean.

Arrasate Zientzia Elkarteak zalantzan jarri du egiturak babesteko erabilitako lona egokiena ote den. Bereziki, udako beroaldiek eta hezetasun-aldaketek egurrean izan dezaketen eraginak kezkatzen ditu. Javier Bengoa elkarteko kideak azaldu duenez, ez dute piezen egoerari buruzko azterketa teknikorik egin, eta, beraz, ezin dute baieztatu kalterik izan dutenik. Hala ere, orain arteko kontserbazio-baldintzek zalantzak sortzen dizkietela nabarmendu dute.

Udalak dio egiturak egoera onean daudela

Arrasateko Udalak, ordea, ohar baten bidez erantzun zuen egiturak egoera onean zeudela. Piezak lurzorutik isolatuta eta aireztapena bermatzen zuen lona batekin estalita zeudela azaldu zuen. Gainera, egituraren azterketaz arduratu zen teknikariak kontserbazio-baldintzak egokiak zirela baieztatu ziela adierazi zuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere argitu zuen Atxabalpe behin-behineko biltegia zela. Haren arabera, hasieran egurrak estaltzea atzeratu zuten, hezetasun handia zutelako, eta tarte horretan piezen egoera kontrolatzeko jarraipen-bisitak egin zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak