Maiatzean abisua eman ostean egurrezko egituren gainetik plastiko beltza jarri zutela dio Donnay-k, eta zalantzan jarri du kontserbaziorako erabaki egokiena den: "Halako ezaugarriak dituen egur batean –habeak, egurrezko egiturak eta abar–, askotan etsairik handiena ez da behin bustitzea, hezetasun-aldaketa bortitzak baizik. XV. mendeko egitura batek 500 urte iraun baditu, pentsa dezakegu eraikin baten barruan ingurumen-oreka nahiko egonkorrean egon delako izan dela. Egitura handik ateratzean, logikoa denez, baldintzak erabat aldatu dira".
Donnayk dioenez, udako beroaldiek kaltea egin diete Gomestio baserria zeneko egiturei: "Uda osoan zehar, hainbat bero-bolada izan ditugu. Euskalmeten arabera, ekainaren 21etik 27ra, EAEk ekainean inoiz erregistratutako beroaldirik luzeena bizi izan zuen. Hainbat egunez jarraian, itzalpeko tenperaturak 40 gradura iritsi ziren. Ondoren, uztailean eta abuztuan, antzeko beste beroaldi batzuk izan ditugu; ez hain muturrekoak, baina bai antzekoak. Gomestioko egiturak jasan duen prozesua, ziurrenik, benetan delikatua izan da. Hala ere, honek ez du azterketa tekniko bat izan nahi, ez baitugu neurketa- eta kontrol-daturik, eta egurraren kontserbazioan ere ez garelakoa adituak. Baina agerikoa da egurrak kalte handiak jasan ahal izan dituela".
Donnayk uste du egin behar zenaren kontrakoa egin dela Gomestio baserriko egiturekin: "Bitxia da, baina, egur historikoaren kontserbazioaren ikuspegitik, Gomestioko egiturarekin egin dena egin behar zenaren kontrakoa da. Zoritxarrez, ondare hau oraindik galdu ez badugu, galtzeko zorian gaude. Oso gertu gaude egindako lan guztia eta inbertitutako dirua ezerezean gera daitezen".