Gomestio, XV. mendean sagardoa egiten zuen harribitxi ezkutua

Xabi Gorostidi 2020ko eka. 26a, 12:48

Garaia Parke Teknologikoaren eta Erguin artean dagoen baserrian eraisketa selektibo bat egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Lehen datazioei esker, XV. mendeko dolare-baserria dela jakin berri dute, "zurezko arkitektura gorena" duena.

Arrasateko Udalak baserria interes lokaleko katalogotik kanpo utzi ostean, hura eraisteko erabakia hartu zuten gaur egungo jabeek. Eta hori egitera zihoazela ohartu dira baserria XV. mendekoa zela eta bitxikeria ugari zituela. Udalak eraisteko baimena eman zien, baina hori egin aurretik ikerketa egin beharra zegoela adierazi zieten, ustezko zona arkeologikoa izan zitekeelako.

Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Sailarekin harremanetan jarri ziren. "Ondare Saileko arkitekto Mertxe Urteagak argi ikusi zuen hasieratik Erdi Aroko baserri bat izan zitekeela. Hasierako susmoak baieztatzeko, laginketa batzuk egin zituzten, baserria noizkoa izan zitekeen jakiteko, eta, gure harridurarako, XV. mendeko baserria dela jakin dugu. Ez genuen inondik inora halakorik espero", azaldu du baserriaren jabeen sendiko Alfonso Donnayk.

Zurezko arkitektura "gorena"

Baserria XV. mendekoa zela jakin ostean, eraisketa selektibo bat egiten hasi ziren; hau da, baserria goitik behera desmuntatzen hasi ziren, hezurdura bistaratzeko eta piezak banan-banan aztertzeko. "Aldundiaren nahia da mende hartako arkitektura hobeto ezagutzea eta gure historiari buruzko jakituria handitzea", azaldu du eraisketan eta ikerketan parte hartzen ari den Ibon Telleria arkitektoak. Horretarako, diziplina askotariko adituak ari dira bertan lanean; arkitekturan eta arkeologian adituak, nagusiki.

Baserriaren egitura azaleratzen joan den heinean zurezko hezurdura "zoragarria" duela azaldu Telleriak. "Euskal Herrian egin den zurajerik landuenaren, garatuenaren eta hoberenaren adibide garbi bat da Gomestiokoa. Harrigarria da XV. mendean egindako eraikin hauek duten lanketa maila. Egitura nagusian 12-13 metroko zurezko pieza erraldoiak aurkitu ditugu, eta geroagoko garaietan egin diren eraikinetan ikusten ez den kalitatea du eraikin honek".

50. hamarkadan, Arrasatera lanera etorritako 15-16 familia inmigrante egon ziren aldi berean bertan bizitzen

Baserri ia osoa zurez egina zegoela uste dute. "Zuraje elementu bertikal, horizontal eta inklinatuz dago eginda hezurdura osoa, zumezko saski erraldoi bat balitz bezala. Eta bertan oholtzatuta zegoen egurrezko fatxada ere. Teilatua izan ezik gainontzeko elementu guztiak egurrezkoak zirela uste dugu".

Sagardoa egiteko

Zurezko hezurdura konplexua edukitzeaz gain, sagardoa egiteko erabiltzen zela ere ondorioztatu dute. "Sagardoa egiteko palanka-dolarea duela ikusi dugu, eta horrek argi uzten du bertan sagardoa egiten zutela. Makina horretako prentsatzeko palanka ez dugu aurkitu, baina askak, habeak eta halako aztarnak, ordea, bai".

Ibon Telleria, arkitektoa: "Euskal Herrian egin den zurajerik landuenaren, garatuenaren eta hoberenaren adibide garbi bat da Gomestiokoa"

Baserriak 17x18 metroko oina zuen eta bi solairu nagusiz zegoen osatua. "Behe oina garai erraldoi moduko bat zen. Lurzoruaren irregulartasunak xurgatzen zituen, eta bertan biltegiratzen zituzten sagarrak, bestelako zerealak eta baita sagarren zukua ere. Lehen solairua askoz abstraktuagoa zen, eta bertan zegoen, besteak beste, sagardoa egiten zuen makina".

Behin-behineko datazioa

Arkeolan enpresakoak arduratu dira lehen datazio lanak egiteaz, eta argi utzi nahi izan dute behin-behineko datazioak direla esku artean dituztenak une honetan. "Egurraren lehen datazioek argi uzten dute XV. mendekoa dela. Orain, ordea, laginketa gehiago egin behar ditugu, egurra mende hartako zein hamarkadatan moztu zuten jakiteko".

Arrasaten orain arte datatu den baserririk zaharrena den galdetuta, zera adierazi du Arkeolan enpresako Josue Susperregi adituak: "Hori zehatz-mehatz jakiterik ez dago. Ziurrenik, orain arte datatu den zaharrena da, baina ez du esan nahi zaharrena denik. Gipuzkoako dokumentazio gehiena XVI. mendean hasten da; beraz, hortik atzerako guztia ikertzeke dago. Kasu honetan gertatu den bezala, baliteke gaur egun zutik dagoen baserri bat hau baino zaharragoa izatea, eta bertako jabeek horri buruz ezer ere ez jakitea".

1943an baserriari Indalecio Ojanguren argazkilari ospetsuak ateratako argazkia. 

Immigranteen ostatu

Gaur egungo jabeek 50eko hamarkada inguruan erosi zioten baserria Bergarako Garitano familiari. "Bertara bizitzera joatea zen asmoa, baina beste erabilera bat eman zitzaion. Baserria paretaz josi eta hamabi etxebizitza txiki sortu zituzten bertan, gero, Arrasatera lanera zetozen familia immigranteei alokatzeko. Baserriari beste bi eranskin gehitu ostean, 15-16 familia egon ziren bertan bizitzen", azaldu du Alfonso Donnayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak