Aldundiak azaldu du Gomestio baserriko egituraren "behin-behineko biltegia" dela Atxabalpe

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 27a

2020an eraitsi zuten Gomestio baserriaren egitura, Atxabalpen.

Atzo, irakurle batek Gomestio baserriaren egituraren harira azaldutako kezkari erantzun dio Gipuzkoako Foru Aldundiak –Udalaren arabera, Aldundiaren esku baitzegoen egituraren estaltzearen ardura–. Azaldu dutenez, pieza horien "Behin behineko kokalekua" da Atxabalpe. Tarte honetan, "jarraipen bisitak" egin direla diote, baita babes-lona "datozen egunetan" jartzea aurreikusten dela.

2025eko urtearen amaieran ekarri zuten Agorregitik –Aia– Arrasatera bueltan Gomestio baserriko egitura historikoa. Aldundiaren arabera, lekualdaketa bi fasetan egitea erabaki zen, garraioarekin lotutako "zailtasunak" zeudelako –luzera handieneko piezen kasuan, batez ere–, eta, horiek, "behin-behinean" Atxabalpen kokatu ziren "behin betiko kokalekua zehazten den bitartean". Lekualdaketa prozesu hura urtarrilaren hasieran amaitu zuten.

Jarraipen-bisitak egin dira

Atxabalpen, zurezko piezak arrastelen gainean jarri ziren, "lurretik isolatzeko eta lurzoruaren hezetasunarekin kontaktu zuzena saihesteko". Hau da, beheko aldean tamaina handieneko piezak kokatu ziren –habeak eta zutabeak–; gainean berriz, tamaina txikienekoak–habexkak eta kapirioak–. Estalduraren harira diote, egitura hasiera batean "lonaz estaltzea aurreikusita" zegoela. Alabaina, "piezek lekualdaketaren unean hezetasun handia zutenez, jarduketa hori aldi baterako atzeratzea erabaki zen"; berehala estaltzeak zuraren aireztapen egokian "oztopa zezakeela" eta kondentsazio edo narriadura prozesuak "eragin zitzakeela" iritzita.

Horrez gain, urtarriletik hona, jarraipen-bisitak egin direla adierazi dute "lehortze maila eta hezetasun egoera egiaztatzeko". Ondorioz, gaur egun, "egokitzat" jotzen dute babes-lona jartzea, eta lan hori "datozen egunetan" egingo dela aurreikusten da. Azkenik, piezak estali gabe egon diren hilabete hauetan, egituraren desmuntatzean egindako eskaneatzearen "egiaztapen eta kontraste lanak" egiteko aprobetxatu direla azaldu du Aldundiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak