Duela sei urte, jabeak hala erabakita –eta udalak baimendu ostean– eraitsi zuten Gomestio baserria. Horren aurretik, ordea, ikerketa bat egin zuten, ustezko zona arkeologikoa izan zitekeelako. Ikerketa horrek azaleratu zuen, baserriaren egitura XV. mendekoa zela, eta, garai batean, Sagardoa egiteko erabili izan zela baserria. Hori jakin ostean, eraisketa selektibo bat egiten hasi ziren; baserria goitik behera desmuntatu zuten, hezurdura bistaratzeko eta piezak banan-banan aztertzeko. Eraikin historikoaren pieza guztiak, Diputazioak Agorregin –Aia– duen duen biltegira eraman ziren, aztertzeko eta behar bezala tratatzeko, hondatu ez zitezen.
Dena den, ikerketa horiek amaituta, piezak Arrasatera itzuli zituzten, herriaren ondarea direlako. Eraisketa lan horiek 90.000 eurotik gorako kostua izan zuten –Agorregin egindako lana eta lekualdatzea kontuan hartu gabe.
Atxabalpen, "utzita"
Baserriaren egitura hori udazkenetik dago Atxabalpen. "Bere garaian, erabilera bat emateko asmoa egon zen, Arrasateko herritarrek ikusi eta gozatu ahal izateko. Orain, badirudi ideia hori ahaztuta geratu dela", esan du egituraren egoeraren inguruko kezka azaldu duen irakurleak.
XV. mendeko egur horiek udazkenaren zati bat eta negu osoan igaro dute bertan, eguraldi aldaketen eraginpean, eta, momentuz, han jarraitzen dute. "Arrasatek eta herritarrek behar asko dituztela eta uko egin ezin zaien lehentasunak badaudela ulertuta, beharrezkoa da horrelako gauza txiki hauetarako aurrekontu bat izatea. Hauek ez direlako ezer esaten ez duten lau egur puska", amaitu du irakurleak.