Arrasate Zientzia Elkarteak Arrasateko Gomestio baserriaren gaiarekin abiatuko du Arrasateko iragana astintzen hitzaldi sorta datorren eguaztenean, azaroak 4. Hitzaldiak Gomeztio: erdi aroko gipuzkoar dolare-baserriaren adibidea du izena, eta Ibon Telleriak eta Josue Susperregik gidatuko dute saioa. AZEko presidente Javier Bengoak azaldu duenez, Telleria arkitekturan doktorea da eta gaia gertutik ezagutzen du. Susperregi Dendokronologoa da; egurraren historia neurtzen du adinean.
Gomestio "baserriko baloreaz" hitz egingo dute; izan ere, baserriak barnealdean sagardoa handizka egiteko egurrezko dolarea zuen, eta baserri xume batetik harago, sagardoa eta zerealak ekoizteko zentro industrial eta ekonomiko bat zen: "Gomestio Gipuzkoako Erdi Aroko dolarearen adibide bat da, eta azalduko dute zergatik den Erdi Aroko zurgintzako harribitxi bat".
Union Cerrajerak utzitakoa
Egitarauarekin jarraituz, Iñigo Agirre elorrioarrak UCEM: Motor Comarcal izeneko hitzaldia emango du azaroaren 12an. Arrasateko Union Cerrajera sarrailagintza fabrikaren egituraren eta historiaren inguruan izango hitz egingo du Agirrek. Bengoaren arabera, Zerrajerak "merezi" duen balioa eman nahi izan diote fabrikari: "Kooperatibak sortu ziren eta Zerrajerarekin ahaztu garela dirudi. Kooperatibei garrantzia kendu gabe, Union Cerrajerak herrian eman duen dena azpimarratu eta aldarrikatu nahi izan dugu".
Burdinaren historia
Hirugarren hitzaldia Felix Remirez ingeniari industrialaren El hierro: regalo de las estrellas izango da. Burdinaren historiaren inguruan hitz egingo du, eta materialaren historia azalduko du, Europa erdialdeko eta Arrasateko burdinaren esplotazioaren eta transformazioaren inguruan azpimarra eginez. Hitzaldi sorta Jose Manuel Ubiergok amaituko du azaroaren 25ean. Ubiergok adimen artifizialaren bitartez antzinako objektuak hartuko ditu eta objektuaren bilakaera hipotetiko bat erakutsiko du simulazio bat eginez.