Arrasateko Udalaren oharraren arabera, Uribarriko Gomestio baserriaren egurrezko egitura egoera onean dagoela: "Baserri historikoa 2020an eraitsi zen, eta, aurretik, egurrezko egiturako elementuak banan-banan desmuntatzeko lan konplexua egin zen, haien kontserbazioa bermatzeko. Desmuntaketa lan hauek egiten ziren bitartean, baserriaren egitura guztia aztertu eta behar bezala dokumentatua izan zen. Modu honetan, Gomestioren ezaugarri tipologikoak ongi ezagutzen dira".
Ordutik, azaldu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arrasateko Udalak egitura historiko hori zaintzeko lan egin dute: "Egituraren elementu desberdinak sailkatuak izan dira eta egun, zurezko piezak hauek arrastelen gainean kokatuta daude lurzoruaren hezetasunarekin kontaktua saihesteko eta babes lona batekin estalita, egurrari bere aireztapena bermatzeko".
Egitura behar bezala kontserbatzen dela ziurtatzeko, Udaleko teknikariek zurezko egituraren azterketa eta kudeaketa egin duen teknikariarekin harremanetan jarri dira eta, diotenez, hark argitu du egurra baldintza hauetan mantentzen bada, zoruarekin kontaktu zuzenean egon gabe, estalita eta ongi aireztatuta, behar bezalako egoeran mantenduko dela. "Hala ere, egituraren babesa indartzeko eta kontserbazio-baldintzak hobetzeko, berariazko instalazio bat egitea aurreikusten du Udalak datozen hilabeteetan", gaineratu dute.