Arrasate Nafar Erresumako parte zela aditzera ematen duen plaka jarri dute Portaloian

Uxue Arakama 2025ko api. 16a, 13:00

Arrasateko oroimen historikoa gogoratu eta aldarrikatzeko plaka berria jarri zuten atzo Portaloian. Ekimen horretan bildu ziren Maider Morras alkatea, Andoni Arratibel kultura zinegotzia, baita Zuztarrak Errotuz elkarteko ordezkariak ere.

2023ko abenduaren 5ean onartu zen Zuztarrak Errotuz elkarteak aurkeztutako mozioa. Bertan, hainbat esku hartze egitea eskatzen zitzaion Udalari. Horietako bat, plaka jartzea. Zuztarrak Errotuz-eko kideek adierazi zutenez, "Ez gara bildu hemen Portaloian historiak islatzen duen plaka bat jartzeko soilik, gure benetako historia ongi ezagutzea eta ezagutaraztea nahi dugulako baizik. Dakigunaz hausnartzea, jakin mina sortzea eta gurea hobeto ezagutzea da dugun helburu nagusia. Izan ere, jakitun gara gure etorkizuna antolatzeko orduan, gure historia daukagula ezagutu beharra".

Maider Morras alkateak esker mezua helarazi zien Zuztarrak Errotuz elkarteko kideei egindako lanagatik, azaldu zuenez "isilpean dagoen historiaren zatia azaleratzea lortu nahi da, herri honen nazio izaera aitortuz".

Mozioan aurkeztutako beste esku hartzea, Alfontso VIII kalearen izena 17 Emakume Kaleagatik ordezkatzea zen. Pasa den azaroan lortu zuten hori.

Euskaldun gehienontzat gure historiaren pasarterik garrantzitsuenak ezezagun zaizkigula salatzen dute Zuztarrak Errotuz-ekoek. Euskal Herriaren edota Nafar Estatuaren Historia berreskuratzen saiatzea da beraien zeregin nagusia, eta hainbat ekimen egiten dituzte hori lortzeko. Arrasatekoa luze joan den arren, arnasa hartzeko unea dute orain.

Aberri Eguna ospatzeko deia

Igande honetan, hilaren 20an, ospatuko da Aberri Eguna. Maider Morras alkateak eguna ospatzera gonbidatu ditu herritarrak: "Euskal Herriaren defentsan aldarria babestera gonbidatu nahi ditut herritarrak. Ikurrinak balkoian jarriz edota Euskal Herri osoan antolatu diren mobilizazio ezberdinetan parte hartuz. Euskal Herriaren defentsa egin dezagun. Herri libre bat izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak